Bakuntza, pausoz pauso aurrera, ametsak betez
Desgaitasun funtzionala duten pertsonen aisialdi elkarte berria da Bakuntza. Beasaingo Urbieta etxean elkartzen dira larunbatetan, dantzaren erritmora. Ateak zabalik dituzte.
Desgaitasun funtzionala duten pertsonen aisialdi elkarte berria sortu dute Goierrin: Bakuntza. Pausoz pauso, ametsak betetzen ari dira.
2022ko apirilean egin zituzten lehen urratsak, eta 2023ko martxoaren 20an sortu zuten elkartea. Goretti Etxeberriaren eta Itziar Otegiren esanetan, “ikusgarritasun pixka bat emateko, Beasaingo Erauskin plazan dantza ikuskizun bat prestatzen hasi ginen 2022ko apirilean. Entseguak egin genituen eta behin ikuskizuna egin ondoren, gazteek galdetzen ziguten ea noiz izango zen hurrengo entsegua. Beraz, proiektu hura ezin zela han bukatu ikusi genuen. Irakaslea, Carol urte eta erdian egon da dohainik eskolak ematen eta horrela ezin zuen jarraitu. Baina gu elkarte desberdinetan gaude eta orduan erabaki genuen Bakuntza sortzea”.
Gurasoek gaineratu dutenez, “ikusten genuen zerbait falta zela. Dantzaren bidez lortu dugu pentsatzen ez genituen hainbat eta hainbat gauza. Oso-oso pozik gaude. Sentsazio onak eta berriak dira Bakuntzak lortzen dituenak”.
Momentuz, Beasaingo Udalak utzitako Urbieta etxean elkartzen dira larunbatetan, 10:30etik 11:30era. Baina dagoeneko txiki geratu zaie, Bakuntzako hogei erabiltzailerentzat. 8-57 urte artekoak dira. “Asko eskertzen dugu, baina txiki geratu zaigu. Ea beste lokalen bat lortzen dugun”. Bakuntzan parte hartu nahi dutenek bakuntza@gmail.com helbidera idatzita jar daitezke harremanetan. “Ateak zabal-zabalik daude”.
Aisialdia, beharrezkoa
Goierritik atera eta Donostia, Bilbo, Gasteiz aldera joan nahi dute… “Jendeak ikusi dezala, ahal dutela. Ez direla etxean egoteko pertsonak. Eskolara joaten dira, lanera joaten dira… bai, baina aisialdia ere behar dute. Denok behar dugu aisialdia. Denok daukagu aisialdia. Beraiek ere zergatik ezin dute eduki? Horregatik ari gara hau dena egiten”.
Dantzatik harago
Dantzak eta musikak elkartu ditu Bakuntzako kideak, baina pixkanaka proiektu gehiago ere jarri nahi dituzte martxan. “Dantzarekin hasi gara, baina ikusiko dugu aurrerago ze ekintza ateratzen diren. Sexualitatea landu nahi dugu, diruaren manejua… Proiektu horiek ere nahi ditugu aurrera eraman”.