«Jendeari inguruan duena erakusteko modu bat da artea»
Txikitatik gustatu izan zaio margotzea, eta gogoan du koloretako arkatzak oparitu zizkioten eguna. Margolaritzatik bizimodua ateratzea erabaki zuen, eta oraindik ere ez du alde batera utzi. Musikan eta eskulturan ere aritzen da.
Joxemari Telleria (Segura, Gipuzkoa, 1943) jada ez da bere sorterrian bizi, baina han bezainbeste ezagutzen dute Zerainen (Gipuzkoa). Batekin eta bestearekin hitz egiten du, honetaz eta besteaz; denekin du komentatzeko zerbait. Margolaria da izatez Telleria, baina artista dela ere esan daiteke, artearen hainbat alor landu baititu. Erretiroa hartu zuen arren, ez dio margotzeari utzi, eta egunero aritzen da horretan.
Bere lanetako batzuk herriko txoko desberdinetan ditu. Haren esanetan, lanak egiten baino lan gehiago izaten du egindakoak gordetzen. Esaterako, Mandio tabernan du bere azken lana, herriko meategietan lanean ibilitako meatzarien omenez egina. Tabernako zerbitzariak oso gustuko du koadro hori: «Ez naiz aspertzen begiratzeaz; izugarri polita da». Besteak beste, Goierriko ohiturak eta paisaiak margotzea du gustuko.
Zure familian bazegoen artistarik? Arterako duzun zaletasuna garatzen lagundu dizun norbait, agian?
15 urte nituenetik margotzen dut, eta etxeko inork ez zuen margotzen. Ez dakit, niri bakarrik sortutako zerbait izan zen. Beti gustatu izan zait marraztea, eta Beasaingo CAF lantegiko eskolan ibilitakoa naiz. 13 urterekin hasi nintzen han, delineatzaile izateko ikasten. Marrazki txapelketa bat antolatzen zen han urtero, eta ni saritua izan nintzen. Lantegiko nagusiak ere margotu egiten zuen, eta niri eskolak ematen hasi zen. Lehiaketa horretan irabazi ostean jaso nituen nire lehen margoak, 15 urterekin. Olio margoak ziren. Ordura arte marraztu bakarrik egiten nuen.
Lehen margo horiek jaso ondoren erabaki zenuen margotu egin nahi zenuela?
Ez dut uste kolpean erabakitako zerbait izan zenik. Txikitatik zetorren zerbait zen; beti gustatu izan zait marraztea. Txikia nintzenean, opariak Errege Magoek ekartzen zituzten, ez Olentzerok, eta haiek koloretako arkatzak ekarri zizkidaten behin. Sei arkatz izan ziren. Asko itxaron behar izan nuen hori izan arte, eta inoiz jasotako oparirik onena izan zen. 8 urte inguru nituen.
CAF enpresan lan egiten zenuenean, handik kanpo margotzen al zenuen?
Bai, etxean bai. CAFen lanean aritu nintzen azken urteetan margotzearekin zerikusi handiagoa zuen zerbait egiten hasi nintzen. Guk beti planoak egiten genituen, eskuz. Plano horietan ez zen azaltzen trenak zer itxura izango zuen, eta bezeroak ezin zuen trena ikusi eraikitzen zen arte. Nire lana zera zen: trenaren planoak hartu, eta tren horrek izango zuen itxura margotzea, bezeroak ikus zezan nola geratuko zen. Aurrerapen handia izan zen.
Zenbat denbora egin zenuen lan enpresa horretan?
15 urte egin nituen han lanean. Gero, egun erdiz Beasaingo [Gipuzkoa] lizeoan plastika eta musika eskolak ematen aritu nintzen, eta beste egun erdiz, neure kasa margotzen. Lizeoa utzi nuenean, bete-betean ekin nion margotzeari; hori bakarrik egiten nuen.
Zer lan izan duzu gustukoen?
Margotzea, zalantzarik gabe. Irakastea baino askoz ere gustukoago izan dut.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.