Landarlanek bukatu eta aurkeztu du 'Naturan hezten' proiektua, irakaskuntzan erabiltzeko baliabideak eskaintzeko
Interneteko 'Naturanhezten.eus' webgunean, eskoletan erabiltzeko materialak, bitartekoak eta bideoak bildu dituzte. Ikasleak ikasgeletatik kanpora ateraraztea da helburu bat, natura bertatik bertara behatu, gozatu, ikertu eta zaindu dezaten.
Lau urteko lana bukatu eta aurkeztu du Landarlan ingurumen elkarteak. Naturan hezten proiektua gaur aurkeztu dute, Donostian. Hezkuntza komunitateari eskainitakoa da naturanhezten.eus wegunea, eta ingurumenaren gaineko informazio eta kontzientzia-hartze tresna izan nahi du. Dagoeneko erabili dute zenbait ikastetxetan.
Helburu nagusi bat du proiektuak: “Haurrek eta gazteek eskola orduetan nahiz aisialdian natur eremuan denbora gehiago igarotzea”. Izan ere, heziketa aroan “kanpoan” denbora gehiago pasa dezaten lortu nahi da Naturan Hezteneko baliabideekin, Landarlaneko Aloña Jauregik aurreratu duenez, “beste ikuspegi bat emango diegulako horrela munduarekiko, zaintzarekiko eta norberarekiko ere”.
Gaur egungo haurrek eta gazteek naturarekiko hartu-emana gutxitu izanaren arazoa jarri zuten Landarlanekoek abiapuntuan. “Natura gabeziaren gaitza gero eta ohikoagoa da gazteen artean”, arrazoitu du Garazi Auzmendik. Naturan, kanpoan edo aire librean denborarik igarotzen ez dutenak “uste baino gehiago” dira. “Naturan denbora gehiago pasatzeak, haurren eta gazteen osasun fisikoa eta mentala hobetzen du, eta garapen kognitibo eta emozionalari mesede egiten dio. Hori frogatu duten ikerketa ugari daude. Edukiak eta kontzeptuak hobeto barneratzeaz gain, bizitzarako oinarrizko hainbat trebetasun garatzen dituzten, baita jarrera enpatikoagoak eta solidarioagoak ere”.
Ezagutuz maitatu, maitatuz babestu
Lelo horrekin barnebildu du Landarlanek Naturan Hezten proiektuaren funtsa. Ikaslearen jarrera aktiboa bilatzen du proiektuak, ikasgelatik kanpora, mendira edo ingurura irtetera gonbidatuz. Ikasgai ezberdinen arteko zeharkako lanketa egiten du, eta “iritzi kritikoa landu eta garatzea” ere bilatzen du. Ingurune naturalaz gain, ingurune kulturalari ere erreparatzeko nahia pizten die proiektuak ikasleei.
Batetik, webguneko hainbat ataletan aurkeztu dituzte gaiak. Arazo egoerak planteatu, eta adin ezberdinetako ikasleentzat egokitutako baliabideak jarri dituzte han. Bi urtetik batxilergora bitarteko ikasleentzat daude moldatuta jakintza-gaiak.
Irakasleentzat bitartekoak ere eskaintzen dituzte, bideo modura edo PDF euskarrietan doan deskargatzeko moduan fitxak eta informazioa jarrita. Iban Toledok sortutako 28 bideo motz daude, gai banari eskainiak (flora eta fauna, ura…). Batzuk haur txikientzat dira, besteak nerabeentzat. Landarlanek ekoitzitako dokumentalak eta bideo luzeak ere lor daitezke Natura pantaila handian atalean: Aralar, mundua lekua lurra dokumental saritua libre zintzilikatu dute; Zure platerean hasten da mundua dokumentala aurki jarriko dute, eta Bilboko Mendi Film Festibalean aurkeztuko duten Leizeta ere egongo da.
Berritasuna, behaketa-koadernoak
Duela bizpahiru urtetik dago erabilgarri webgunea. Nobedade bat gehitu dute orain. Ikasleek landa-eremura eramateko –eta hara irteteko gonbidapena egiteko– bost behaketa koadernotxo sortu dituzte. Baratzea, herriko berdeguneak, kontsumoa, paisaia… hainbat gai lantzeko koadernoak dira, webgunetik deskarga daitezkeenak, doan horiek ere.
Harkaitz Barriolak diseinatu ditu kaierak, itxura ikusgarria eta erakargarria emanda. “Irakasleek eskertuko dute horrelako baliabideak doan eta eskura edukitzea”, aurreratu du Ion Fontenlak. Naturan hezten proiektuko eduki pedagogikoa moldatzen “eskarmentu handiko didaktikariek” lagundu diete Landarlanekoei. “Eskoletan aurkeztuko dugu orain, ahalik eta gehien zabaldu dadin”.
Irakasleak, gurasoak, begiraleak, eta, oro har, haurrekin zein gaztetxoekin heziketa lanean diharduten kolektibo guztiak animatu dituzte Naturan Heztenen baliabideak erabiltzeko. Haurrekin kanpora ateratzea eta kanpoan heztea baita oinarrizko lezioa, ondoren, haiek ingurumenaren kontserbazioaren premiaren ikasgaia bertatik bertara ikas dezaten.