Bertso kantaldia egingo du Aitor Bizkarrak Zumalakarregi museoan
Ostegun honetan Aitor Bizkarra bertsolariak Paul Beitia eta Gari Ruiz de Villalba musikariekin bertso kantaldia egingo du Zumalakarregi museoan Afrikako gerra (1859-1860) hizpide dutelarik. Uztailean jarri zuten Zumalakarregin Rif 1923. Eustaquio Berriotxoa Elgarrestaren argazkiak aldi baterako erakusketa, eta urretxuarraren lana ikusgai dago abenduaren 30era arte. Horren harira, bertso kantaldia antolatu dute.
Afrikako gerrarako aldundiek euskal tertzioak sortu zituzten 1859an, eta Antonio Zabalak gorputz militar horretan ibili ziren hainbat soldadu euskaldunen bizipenak biltzen dituen bertso sorta bat argitaratu zuen.
Hilaren 26an Bizkarrak Zabalaren bertsoak kantatuko ditu Zumalakarregin, 18:30ean, eta bertaratu nahi izanez gero aldez aurretik izena eman beharko da mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera idatziz edo 943 88 99 00 eta 659 43 45 66 zenbakietara deituz.