Ikasturteko lehen pote filosofikoa Lazkaon egingo dute, maskulinitateaz eta zaintzaz

Goierri mailako Pote Filosofikoa ekimenak Lazkaon hasiko du ikasturtea, gaur. Maskulinitateaz eta zaintzaz pentsatzeko, Etzeok potroik… zaintzeko! izenburudun solasaldia egingo dute, Gerriko elkartean, 18:30etik 20:00etara.
Kike Biguri (Movember taldekoa) eta Iñigo Etxezarreta (Ehiera kooperatibakoa) gonbidatu dituzte hizlari aritzeko. Gizonen zaintzarekiko hartu-emanaz gogoeta egingo dute, beraien esperientziak eta jakintza partekatzetik hasi, eta solasaldira joaten diren guztiak elkarrekin pentsatzen jar daitezen.
“Desberdin zaintzen al dute gizonek eta emakumeek? Ba al dakigu geure burua zaintzen? Eta ingurukoak? Posible al da maskulinitate feminista bat? Eta zaintza feminista?…” galderak aterako dituzte.

2020an hasi ziren pote filosofikoak, Goierrin eta Tolosaldean.