Inguruko baserritarren produktuak ezagutzeko eta erosteko aukera izango da Legazpin larunbatean
Bertatik Bertara azokaren hirugarren edizioa egingo dute goizean zehar. Lakiola Aundi baserrian hazitako txekor bat erreko dute burruntzian, eta haragi pintxoak salduko dituzte sagardoz lagunduta. Haurrentzako ekintzak ere izango dira.
Bertatik Bertara azokaren hirugarren edizioa egingo dute larunbat goizean Legazpin, plazan eta Azokan. Inguruko baserritarrek ekoitzitako produktuak ezagutzeko eta erosteko aukera izango da bertan, eta haurrentzako ekintzak ere izango dira. Gainera, txekor bat erreko dute burruntzian, eta pintxoak salgai jarriko dituzte sagardoarekin batera.
GUNE Goierri-Urola Nekazari Elkarteak Bertatik Bertara proiektuaren barruan antolatutako azoka da, eta Ander Ibarguren lehendakariak eta Mikel Elgarresta kideak azaldu dituzte ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topaketa honen xehetasunak.
Ibarguren legazpiarra da, Lakiola Aundi baserrikoa, eta Elgarresta, Urretxuko Donardegi baserrikoa. Biek haragitarako behian dituzte, eta haragia saltzen dute, nahiz eta elaborazioa desberdin egiten duten: Ibargurenek hanburgesak eta txistorra egiten du haragiarekin eta Elgarrestak haragia lotetan saltzen du.
Zortzi ekoizleren produktuak
Baserriko produktuen ekoizpena eta tokiko kontsumoa sustatzeko lehen sektorean inguruan lan egiten dutenek martxan jarritako proiektua da Bertatik Bertara, eta Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Ezkio, Itsaso eta Gabiriako ekoizleak elkartzen ditu, “baina azken hilabeteetan nahiko geldirik egon gara”, Ibargurenek azaldu duenez. Egoera hori irauli nahian, “2018an Urretxun eta 2019an Zumarragan egindako azoken edizio berri bat antolatu dugu, oraingoan Legazpin egingo dena”. Helburuak argiak dira: “Ekoizleak ikusaraztea eta jendearekin harremana sortzea azokaren bueltan”.
Feria 10:00etan hasiko da, eta 15:00ak arte iraungo du. Bertatik Bertara proiektuan parte hartzen duten ekoizleetatik zortzik jarriko dituzte postuak Azokan. “Denak ez dira animatu, denek ere ez dute azokara ekartzeko moduko produkturik, baina zortzi izango dira”: Legazpiko Lakiola Aundi txekor hanburgesa eta txistorrarekin, Mantxola haragiarekin eta Makatza gazta, ogia eta magdalenekin; Zumarragako Leturiondo haragiarekin; Urretxuko Aikur eztiarekin eta Agerre esnekiekin; Gabiriako Baztarrika gaztarekin; eta Ezkioko Harisitizabal ogi, zuku eta frutekin. “Produktu aukera zabala izango da, herrian eta inguruan ekoizten denaren adibide bat, eta feriara hurbiltzen direnek ikusi ahal izango dute bertan zein aberastasun duten kanpora irten gabe”, zehaztu du Elgarrestak.
Haurrentzako ekintzat eta txekorra burruntzian
Salmenta postuez gain, haurrentzako jarduerak ere izango dira plazan 10:00etatik 12:30era bitartean, eta taloak egiten ikasteko aukera izango dute Telleriarteko Talogileen eskutik, eta gazta ere bai, Baztarrika baserrikoekin; “hori ere, dena bertakoa”, erantsi du Ibargurenek.
Eguerdian, burruntzian erretako txahalaren haragi pintxoak saltzen hasiko dira, 2 euroren truke. Txahala Lakiola Aundi baserrikoa izango da. Pintxoaren 2 euroren truke, produktuz beteriko loteen zozketarako txartela jasoko du erosleak; zozketa feriaren amaieran egingo da.
Txahala erretzea “ikusgarria” izango dela aurreratu du Ibargurenek, eta Elgarrestak gehitu du “usaina herri guztian zabalduko da”. Gauerdian hasiko dira lan horretan plazan, “ondo erretzeko 12-bat ordu behar direlako”. Elorriko (Bizkaia) Carlos Ibarrondo arduratuko da burruntziaz, eta “gau osoan egongo da txahala zaintzen”.
Mikel Elgarrestak aurreko bi edizioak gogoratu ditu amaitzeko. “Lehen feria Urretxun egin zen 2018an, esperientzia berria izan zen eta oso interesgarria izan zen, ekoizleen aldetik eta bertara hurbildu zen jendearengatik”. Helburua “bertako produktuak herriari ezagutaraztea” zen, eta feriak, “txekor erretze zati horrekin, puntu berezi bat lortzen du, herri osoan zabaltzen delako txekor erre usaina”. Legazpiko hitzorduari begira gehitu du ez dela oso ohikoa txekorra erretzea, eta “probatzeko aukera bikaina” izango dela. “Beste era batera prestatuta dago, gozoa dago, eta jakinda nondik datorren, hau da, Legazpiko baserri batean hazitako txekorra dela, are gehiago”. Sagardoa txotxetik edateko aukera ere izango da.