Kiroldegia berritzeko obretarako 600.000 euro jaso du Lazkaok
Kirol ekipamenduetarako hiru urteko foru plangintzatik iritsiko zaio handitze obrarako finantzazioa udalari.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euroko diru laguntza eman dio Lazkaoko Udalari, Joxemigel Barandiaran Kiroldegia berritzeko proiektuaren 5. obra-faserako. Kirol ekipamenduen planaren 2023-2025 programatik jasoko du dirua. Handitze proiektu horretan, igerileku berria eraikitzen ari dira, lehen tenis pista zegoen orubean. Sei kaleko igerilekua egin, gaur egungoa berritu, eta sauna, aldagelak eta komun berriak aterako dituzte.