Legazpiko Lau Katu elkarteak Arartekora jo du Animalien babeserako Euskal Legea betearazteko eskatuz
Ildo bereko beste 50 elkarterekin batera, toki administrazioak ez duela legea betetzen ohartarazi dute, eta katu kolonien kudeaketaren inguruan udal askotan "ezjakintasun eta interes falta handia" dagoela salatu dute.
Legazpiko Lau Katu elkarteak bat egin du ildo bereko beste 50 elkarte gehiagok Arartekoari aurkeztutako kexarekin. Bertan salatzen dutenez, duela urte bete baino gehiago indarrean sartu zen Animalien babeserako euskal legea ez du betetzen Toki administrazioak. Eskari bat ere luzatu diote erakundeari: Euskadiko udal guztiei oharpen bat egiteko, animalien babesaren inguruko aldaketei buruz informatuz, eta indarrean dagoen legedia osotasunean bete dezatela eskatuz, “toki administrazioaren jarduera ordenamendu juridikotik kanpo dagoelako”.
Arartekoari bidalitako dokumentuaren harira azaldu dutenez, legea indarrean sartu eta 14 hilabetera euskal udal gehienek ez dute oraindik eguneratu animalien inguruko ordenantza, eta ordenantzak aldatu dituzten tokietan, “ez daude ondo egokituta, edo legearekin kontraesanean daude”. Hala, abereak dituzten zirkuak baimentzen dituzte batean, eta beste batean 1.500 euroko isun “barregarriak” ezartzen dituzte animalia bat hiltzeraino gaizki tratatzen duten txakurtegi, haztegi edo dendetako jabeentzat. Adibide gehiago ere aipatzen dituzte: duela bost urte debekatu zuten arren, belarriak eta buztana mozteko baimena jasotzen dute beste ordenantza batean, eta abandonatutako animaliak hiltzeko aukera ere bai beste batean, hori ere debekatuta egon arren. “Bilerak egiten ari gara udaletan teknikari, zinegotzi eta alkateekin, eta ikusten ari gara ez dutela Animalien babeserako euskal legea ezagutzen, edo interpretazio partziala egiten dutela”.
Kalean bizi diren katuak ez direla antzutzen ere salatu dute. “Katu kolonien HAA sistema bidezko kudeaketa (harrapatu, antzutu eta askatu) arautzeko zain geunden elkarteok eta boluntariok legea oso geldo aplikatzen ari dela topatzen dugu, eta horrek gure jarduera frenatu egiten du. Kasu askotan ezjakintasun eta interes falta handia ere ikusi dugu”. Hori ez dutela ulertzen diote elkarteek, katu kolonien kudeaketa “guztion mesederako delako”
Amaitzeko, Lisboako Itunari aipamena egin diote, Europako Batasuneko estatu guztietan animalien babeserako politika publiko integralak garatzeko betebeharra jaso zuelako 2009ko abenduaren 1ean indarrean jarri zenean.