Legorretako 24. Gazte Festek eta I. Gau Beltzak bat egingo dute
Gazte Festak ostiralean, larunbatean eta asteartean ospatuko dituzte Legorretan. Gaur da herri bazkarirako tiketak erosteko azken eguna. Gau Beltza, berriz, lehendabiziko aldiz antolatu dute, igandetik asteartera. Ihes gelarako izena eman behar da.
Legorretan jai giroa izango da asteburuan, bi ekimen ezberdin ospatuko baitira herrian. Batetik, Legorretako Gazte Festak ospatuko dituzte 24. aldiz, eta bestetik, lehendabiziko aldiz, Gau Beltza ospatuko da.
Gazte Piku Gazte Asanbladak antolatuta egingo dira Gazte Festak beste behin. Ostiralean hasiko da, urriaren 27an, eta asteartera arte luzatuko dira, urriaren 31ra arte, alegia. Ostiralean, 18:30ean, txupinazoarekin emango diete hasiera Gazte Festei. Txapelpintxopotea egingo dute jarraian, 19:00etan. Herritarrak txapelak janztera deitu dituzte. Txapelik orijinalena edo politena sarituko dute gero, ‘Txapela’ sari banaketan, 21:00etan. 23:00etan, mus txapelketarekin amaituko da lehen eguna.
Larunbatean, berriz, 12:30ean, poteoarekin hasiko dute eguna, karpan. 13:00etan presoen aldeko argazkia atera eta 14:30ean herri bazkaria izango da. Gaur da herri bazkarirako tiketak eskuratzeko azken eguna. Olason, Jubilatuen tabernan eta Ezkizun daude salgai, 15 euroan langileentzat eta 12 euroan langabeentzat. Patatak errioxar erara, solomoa tomatearekin, postrea, edaria, kafea eta kopa sartzen dira prezioan. Bazkalondoren, 19:00etan jarraituko du festak, Burrunbazale txarangarekin, eta gauean, 22:30etik aurrera, Akerren Seinale, Emaion! eta Tinz.en kontzertuak izango dira.
Bi eguneko etenaldiaren ondoren, asteartean izango da Gazte Festetako azken eguna, urriaren 31n. 19:30ean Legorretako batukadak girotutako poteoa egingo da, 21:00etan afaria autogestionatua frontoian, eta amaitzeko, Txerrikumeak, Lukiek, Toc eta N-Lezz DJ-en kontzertuak izango dira 23:00etatik aurrera. Gau beltza ospatuko da egun horretan lehendabiziko aldiz Legorretan, eta hala, bat egingo du Gazte Festen azken agunarekin.
Ekintza gehiago Gau Beltzaren harira
Gau beltza lehendabiziko aldiz ospatuko da Legorretan, udalak antolatuta. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute. Urriaren 29an hasiko da, igandean. 16:30ean, ihes gela izango da Herri Antzokian. Udaleko webgunean dagoen estekan eman behar da izena. 14 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta 5 edo 6 laguneko taldeak osatzea gomendatu dute. Astelehenean, berriz, urriaren 30ean, ipuin kontaketa egingo da Kultur Etxean, 17:00etan, eta 19:00etan, aldiz, beldurrezko filma bat eskainiko da Herri Antzokian.
Urriaren 31, asteartea, egun bereziena izango da. Gau Beltzaren gaia hartuta, mozorrotzeko deia egin diete herritarrei. 17:00etatik 18:30era jolasak eta tailerrak izango dira plazan. Arratsalde guztian ere ihes gela egingo da aurrez hitzordua hartuta. 18:30etik 19:15era, merienda eskainiko da plazan, eta eguna amaitzeko, 19:20etik aurrera, dantzaldia, batukada eta desfilea egingo dira.