"Zaurgarritasuna orekatzeko aitzakiarekin matrikulazioa irauli" dutela salatu du Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitateak
"Nola liteke ikasle edo familien zaurgarritasun maila neurtzeko familia bakoitzari galdetzea Netflix duten ala ez, etxean zenbat bainugela dituzten, familia kideen smartphone, tablet edo e-book kopurua, internet sarbiderik duten... eta ez hartzea kontuan objektiboagoak diren familien zerga aitorpena, jabetzak, jatorria, euskara ezagutza edo zerbitzu sozialen erabilera?", galdegin diote Bildarratzi.
Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak, Urdanetarrak Guraso Elkarteak hedabideetara helarazitako ohar baten bidez adierazi duenez, “Ordiziako eskolen artean eta herrian jatorri, hizkuntzaren ezagutza eta egoera sozioekonomikoaren baitan dagoen desoreka larriak kezkaturik, etengabe jo” dute Bildarratz sailburua eta Jaurlaritzako Hezkuntza arduradunengana egoera bideratzeko neurriak eskatuz eta bilera eskaerak eginez, baina ez dute erantzunik jaso oraingoz. Elkarteak salatu du “zaurgarritasuna orekatzeko aitzakiarekin, Bildarratzen Sailak, matrikulazioa irauli” duela.
Iazko abenduan, “Olentzeroren oparia bailitzan”, jaso zuten zaurgarritasun indizea eta ikastetxeen arteko desoreka bideratzeko tresna. “Papera kentzen hasi orduko, ordea, konturatu ginen jostailuak akats larriak zituela”. Zaurgarritasun maila hori neurtzeko bideak “subjektibotasunerako tarte handia” uzten duela salatu dute. “Nola liteke ikasle edo familien zaurgarritasun maila neurtzeko familia bakoitzari galdetzea Netflix duten ala ez, etxean zenbat bainugela dituzten, familia kideen smartphone, tablet edo e-book kopurua, internet sarbiderik duten… eta ez hartzea kontuan objektiboagoak diren familien zerga aitorpena, jabetzak, jatorria, euskara ezagutza edo zerbitzu sozialen erabilera?”, galdegin diote sailburuari.
Ordizian migrazio tasa orokorra %19koa da, 5 urtetik beherako haurren familien %37ak jatorria atzerrian dute, eta adin tarte horretan Eskola Publikoan matrikulaturik daudenen proportzioa %56koa da, Urdanetarrak-ek azaldu duenez. Proportzioa, “are handiagoa” da zaurgarritasun neurriak hartzen diren 2 urteko geletan. Gehitu dute Ordizian eskolatuak dauden ikasleen guraso edo tutoreen %38 ez direla gai euskaraz moldatzeko, eta eskola publikoan matrikulaturiko ikasleen guraso eta tutoreen artean, aldiz, proportzioa %59koa dela. “Egoera sozioekonomiko zaila duten eta Gizarte Zerbitzuen esku-hartzea edo laguntza jasotzen duten Ordiziako familietako ikasle ia guztiak Eskola Publikoan ikasten dute”. Hori horrela, komunitateak salatu du nola izan daitekeen posible Hezkuntza Sailak Ordiziarako hasieran ezarritako zaurgarritasun indizea %15,96koa izatea eta Eskola Publikoarentzat %27,91koa, nahiz eta ondoren datu horiek aldatu zituzten. “Matrikulazio prozesuaren ondoren zuzendu bazuen ere (Ordiziarako %34 eta Eskola Publikoarentzat %51), aurrez adierazitako zaurgarritasun adierazleetatik baxuenaren nabarmen azpitik ezarri dute behin betiko indizea, hartu beharreko neurrietan ondorio zuzenak eraginez”.
Aplikazioan, “akatsak”
Haien hitzetan, “erabat eztabaidagarriak” diren irizpideak eta “errealitatearekin bat ez datozen datuak hartu” ditu Jaurlaritzak “ustezko orekatze neurriak aplikatzeko”, eta aplikazioan ere “akatsak” daudela eman dute aditzera, “zaurgarritasun handiena duten ikastetxeak kaltetzen dituen joera” bultzatuz. “Ordizian Eskola Publikoak Haur Hezkuntzako 2. mailarako 47 matrikulazio eskaera jaso zituen, Jakintza Ikastolak, aldiz, 45. Behin betiko matrikulazioa horrela gauzatuko balitz ere, Eskola Publikoak zazpi ikaspostu libre izango zituzkeen. Hezkuntza Sailak, ordea, guztiz subjektiboa eta eztabaidagarria den zaurgarritasun indizean oinarrituta eta ikasturte honetan bi ikastetxeen arteko desoreka gehienez %10 murrizteko muga aintzat hartuta, matrikulazio eskaera Eskola Publikoan egin zuten hiru ikasle ikastolara bideratu ditu. Aldiz, ikasle bat bideratu du ikastolatik Eskola Publikora. Azken emaitza: matrikulazio hobea eta plaza libreak dituen Eskola Publikoa 45 ikaslerekin utzi du eta Jakintza Ikastola 47rekin”, azaldu dute oharrean.
Horregatik salatu dute “zaurgarritasuna orekatzeko aitzakiarekin matrikulazioa irauli” dutela. “Zergatik hartu du Hezkuntza Sailak zaurgarritasun maila handiena duen ikastetxea kaltetzen duen erabakia? Zergatik ez du babestu eta lehenetsi Eskola Publikoa?”, galdegin dute beste behin.
Hezkuntza Saila “eskola segregazioa ukatzetik onartzera” pasa dela hartu dute kontuan, baina “modu eraginkorrean segregazioa gehien pairatzen duten ikastetxeak kaltetu gabe eta Eskola Publikoa babestuz eta lehenetsiz egitea falta” dela gehitu dute. “Bildarratz jauna, zure jostailuaren akats larriak ikusita, paper dotorean berriro ere bildu eta bueltan bidaltzen dizugu. Lehenbailehen jostailuaren akatsak zuzendu eta berri bat bidaltzea eskatzen dizugu. Gabonak gertu ditugu eta matrikulazio prozesu berria ate joka, ezin dugu denbora gehiago galdu. Olentzeroren bitartez bidali nahi baduzu, bikain, baina arren, ez dugu ikatz gehiago merezi”, amaitu du adierazpena Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitateak.