Administrazioan lan egiteko prest daude Atzegiko kideak
Adimen desgaitasuna dutenei zuzendutako oposizioak antolatzeko eskatu dute azken sentsibilizazio kanpainan. Legazpin aurkeztu dute dagoeneko; gaur, Beasainen txanda.
Legazpiko aurkezpenera hurbildutako Atzegiko kideak eta udaleko ordezkaria. ARGAZKIAK: Tere Madinabeitia Atzegi urteroko sentsibilizazio kanpainan dago murgilduta aste hauetan, eta eskualdez eskualde ari da aurkezten aurtengo aldarrikapena. Ni prest nago, eta Gipuzkoa? izenburuarekin, administrazioan eta enplegu publikoan jarri du arreta oraingoan, adimen desgaitasuna dutenei zuzendutako lanpostuak atera ditzatela eskatuz.
Goierri garaiko herriei begira, ostiralean egin zuten kanpainaren aurkezpena Legazpin, eta Goierri behekoentzat gaur egingo dute, Beasainen, udaletxeko udalbatza aretoa, 18:00etan.
Atzegiren lana
Legazpiko aurkezpenean Goierri garaiko lehendakaria den Nino Hernandezek hartu zuen hitza, eta hasteko, Atzegi adimen desgaitasuna duten gipuzkoarren eskubideen alde lan egiteko 1960an sortutako elkartea dela gogoratu zuen. Hamarkada batzuk igarota, Atzegik lanean jarraitzen du pertsona horien eta euren familien bizi kalitatea hobetzeko. Elkargune bat eskaintzen diete, eta gizartean parte hartzera bultzatzen dituzte, «gizarte hori inklusiboagoa, justuagoa eta solidarioagoa izaten lagunduz».
Zeregin horretan boluntarioen lana ezinbestekoa izan da, “aipamen berezia merezi dute”. Lorpenak ere, handiak izan dira, aisian, kulturan, gizarte integrazioan eta kirolean. «Baina oraindik asko falta da egiteko», eta erronketako bat lan munduarena da.
Administrazioei deia
Lanarena, da, hain zuzen, aurtengo sentsibilizazio kanpainaren gaia, Hernandezen ondoren Ion Tapiz Gipuzkoako Atzegiko teknikariak zehaztu zuenez. «Lan munduan egin dira urratsak, adimen desgaitasuna dutenek aukera desberdinak dituzte lan egiteko, baina legediari erreparatuta, enplegu publikoan aukerak badituztela ere ez dugu ahaztu behar, ateratzen diren lanpostuen %2 pertsona horientzat izan behar direlako».
Gipuzkoan bide horretan pausoak eman direla onartu zuen Tapizek, «Diputazioak hiru plaza atera zituen eta 152 pertsona aurkeztu ziren; aukeratutakoak lanean daude dagoeneko. Donostiako Udalak ere lau plaza atera ditu, eta oraintxe ari dira oposizioak egiten izena eman duten 113 pertsonak». Kopuru horiek ikusita, «argi dago interesa ere badago desgaitasuna duten pertsonen artean, eta horregatik animatu nahi ditugu lurraldeko erakundeak eta administrazioak lanpostu gehiago ateratzera». Eusko Jaurlaritzak hezkuntza zentroetan beste hamar plaza atera dituela ere aipatu zuen Hernandezek.
Lan publikoan interesa
Leire Gonzalez legazpiar gaztea da lan publikoan interesa duenetako bat, eta horregatik “oso garrantzitsua” da kanpaina hau. Gonzalezek Haztegi ikastolan eta Goierri eskolan ikasi du, eta une honetan lanerako prestakuntzan dago murgilduta. Administrazioko lanpostu horietako baten plaza lortzea “ikaragarria” izango litzatekeela dio. “Zailtasunak ditut hainbat gauza batzuk egiteko, baina beste batzuetarako trebetasunak ere bai”, eta aukerak izango lituzkeela uste du.
Josu Santurde Legazpiko zinegotziak, bere aldetik, Atzegiko kanpainekiko udalak duen sentsibilizazioa nabarmendu zuen, eta udaletxean atseden hartzeko duten gelan kanpaina guztietako kartelak ikusgai dituztela esan zuen. Aurtengo kanpainaren aldarrikapenaren harira, berriz, “nire aldetik ahal dudan guztia egingo dut desgaitasun intelektuala duten pertsonek lan normalizatuak izan ditzaten”.

Josu Santurde zinegotzia, eta Atzegiko Nino Hernandez, Ainhoa Gonzalez eta Ion Tapiz, Legazpiko ostiraleko aurkezpenean.













