Asteburu Mikologikoan bildutako 1.618 euro entregatu dizkie Lekanazpik Katxalin eta Aspanogi elkarteei
‘Txanpi solidarioa’ egitasmoan bildu zen dirua eta herritarrek eta hainbat enpresek egindako ekarpenen emaitza da. Lekanazpin entregatu diete txekea elkarteetako Legazpiko ordezkariei.
Lekanazpiren ekimenez, 1.618 euro iritsi zaizkie bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa dutenen aldeko Katxalin elkarteari eta minbizia duten haurren inguruan lan egiten duen Aspanogi elkarteari. Hilaren hasieran egindako Asteburu Mikologikoan bildutako dirua da, eta astearte iluntzean entregatu zieten txekea bi elkarteetako Legazpiko ordezkariei Lekanazpin bertan egindako ekitaldian.
Diru horren zati bat Txanpi solidarioa egitasmoaren barruan saldutako barrengorri pintxoetatik ateratakoa da, baina zatirik handiena «jendeak zuzenean egindako ekarpenetatik, Azokan egon ziren garagardogileek eta herriko hainbat enpresek eta taldek emandakotik dator», Lekanazpi elkarteko ordezkariek azaldu zutenez.
Hain zuzen, Txanpi solidarioarekin 413 euro bildu zituzten Asteburu Mikologikoan, eta dirutan egindako ekarpenak 1.205 eurora iritsi ziren. Bi kopuru horren batuketak egiten du bi elkarteren artean banatuko duten 1.618 euroko txekea.
Lekanazpiren eskertzak
Diruz, edo bestela, elkartasun jarduera horrekin bat egin zutenen artean, «artisau garagardogileak, CIE Legazpi, Zuri-zuri, Attiko, Sustrai fruta denda, Kukue eta Gurrutxaga tabernak eta Izadi Zaleak elkartea» aipatu zituzten Lekanazpikoek, baita elkartea eta boluntarioak ere. Horiei guztiei, eta dirua eman zuten guztiei eskerrak eman zizkieten.
Doinua Musika eskolako gaiteroen eta Ai ze Taldearen eta Trapalata txarangaren laguntza ere aipatu zuten, musutruk parte hartu zutelako eta zeharka izan bazen ere, lagundu ziotaleko Asteburu Mikologikoaren elkartasun helburuari.
Katxalin eta Aspanogi, “pozik”
Katxalin elkartearen ordezkaritzan Ana Martinek eta Maria Jesus Losadak jaso zuten Lekanazpik entregatutako dirua. Esker onez agertu ziren biak, «diruagatik, eta elkartea Legazpin ezagutzera emateko eskainitako aukeragatik». Eskerrak «Lekanazpiri, Asteburu Mikologikoan lan egin zuten boluntarioei eta dirua eman zuten guztiei» luzatu zizkieten Katxalineko bi legazpiarrek.
Aspanogi elkartearen partez, Nekane Lekuona gizarte langileak eta Miguel Angel Dominguez elkarteko kideak jaso zuten txekea, biak legazpiarrak. Dominguez oso pozik zegoen entregatu zieten diruarekin, «oso ondo dago Lekanazpik egin duena, dirua biltzeko bakarrik ez, gure elkarteak minbizia duten haurren familien alde egiten duen lana ezagutzera emateko ere balio izan duelako». Izan ere, «ez dira haur asko minbizia dutenak, baina egon badaude, gurea bezala, eta oso inportantea da horrelako elkarte bat egotea inguruan, familiak laguntzeko».