Feriako eskaintza hilerriari begira jarri da gaur
Gaztaren baimenarekin, azaroaren 1ean hilerrietara eramateko loreak eta lore landareak izan dira urriko azken asteazkeneko protagonista nagusiak. Mizpira eta sagar berriak iritsi dira, baita Nafarroako orburua ere.
Feriak berriz ere egutegiari erreparatu dio, eta egun seinalatu bati begira osatu du eskaintza gaur. Hurrengo asteazkena azaroaren 1a da, hilerrian daudenak gogoratzeko eguna, eta horiei eramateko loreak eta landareak izan dira protagonista nagusiak goizean, gaztaren baimenarekin.
Izan ere, hilerriko gaiek lehiakide gogorra izan dute, batetik Ordizia Txapeldun ardi gazta lehiaketa egin delako Plaza Nagusian feria bete-betean, eta bestetik, Behiekok behi gazta berri bat aurkeztu zuelako.
Hilerrirako enkarguak
Lore eta landare kontuak Iñaki Azanzaren eta Maria Dolores Mendizabalen postuetan bildu dira. ohi bezala. Biek zituzten zentroak eta sortak, zuzenean eramateko edo enkargatzeko. Gogoratu hurrengo asteazkena jai eguna dela, eta feria asteartean egingo dela.
Orain dela gutxira arte hilerriko gai horietan izarra izan den krisantemoa Azanzak eskaini du bakarrik, 25 eta 35 euro artean. Mendizabal, berriz, bakarra izan da lore moztuen zentroak eskaintzen, eta krabelin, arrosa, gladiolo, margarita eta abarrekin osatutakoak izan ditu aukeran, tamainaren eta aukeratutako loreen arabera, 40 eta 123 euro artean.
Lore biziekin osatutako zentroak, berriz, bi saltzaileek zituzten, ziklamen, txilar, margarita, kalantxoe edo konifera txikiekin, 32 eta 58 euro artean, horiek ere tamainaren eta osaketaren arabera. Bestela, solte eramateko lore landareak ere eskaini dituzte, eta horien artean ziklamena, azalea eta txilarra izan dira nagusi.
Gazta berria eta mizpira
Lehen esan bezala, gaztak lehia bizia egin die hilerrirako produktuei gaur. Infernuko Gasnak irabazi duen Ordizia Txapeldun lehiaketak jende eta komunikabide ugari erakarri ditu. Baina hori aparteko gertakaria izan da, ez baita asteazkeneroko kontua. Asteazkenerokoa izaten dena Behieko behi gazta saltzaileen postua da. Ohi bezala Judith Gartzia buru zuela, produktu berri bat aurkeztu da bertan gaur: gazta laktiko espeziatua. Bi mota zituen Gartziak, bata oreganoarekin egindakoa eta bestea Ezpeletako piperrarekin egindakoa. 200-250 gramoko pieza txikiak ziren, eta 4 eta 4,50 euro artekoa zen prezioa (kiloa 19 euroan).
Fruten atalari ere begiratu behar zaio, udazkena aurrera nola doan ikus daitekeelako bertan. Gaur fruta berriak iritsi dira, udazkenekoak noski. Mizpira izan da bat. Altzagako Arantxa Lopetegik izan du salgai, kiloa 3 euroan. Ale txikiak zituen, baina batzuk ondo helduta zeuden dagoeneko, jateko puntu-puntuan.
Sagar mota berriak ere azaltzen doaz astetik astera, eta gaur Jubilee, Gloucester eta Dalinette motakoen txanda izan da. Lehena Zurutuza ahizpen postuan izan dute salgai, eta beste biak, Jose Antonio Elosegirenean. Sagarraren kiloa 3 eta 4 euro artean dabil ferian.
Perretxikoetan, berriz, hauxe izan da eskaintza Lasaren eta Barcinaren postuetan: 160 kilo onddo (15-32 €), 47 kilo ziz hori (15-22€) eta 37 kilo niskalo (15-20 €).
Nafarroako orburuak
Plaza ingurutik aldenduta, Zuhaiztin fruta saltzaileek jartzen dituzten postuetan berritasun garrantzitsu bat ere izan da, Nafarroako orburua saltzen hasi direlako dagoeneko. Ohi bezala, dozenaka jarri diote prezioa produktu honi, eta hori 7,75 eta 8,9 euro artean ibili da.