Asteburu goibela oiangutarrentzat
Bi bikotek lortu zuten garaipena pasa den asteburuan. Lehen mailako Oiangu1 eta Oiangu2koek elkarren aurka jokatuko dute, bihar, Olaberrian. Finalerdietarako aukera dute hirugarren mailako Oiangu2koek.
Pasa den asteburua ere goibela izan da Oiangutarrentzat, larruzko paleta txapelketako azken jardunaldia izan den honetan, sei partida zituzten jokoan eta bi bikotek bakarrik lortu dute garaipena.
Oiangu 2ko hirugarren mailako bikoteak (Naldaiz-Elorza) lortu zuen lehen garaipena Donostiako Altza auzoan (14-35). Lehen mailako Oiangu1 bikoteak (Ibarguren-Etxeberria) berriz, bigarrena Errepala 1n aurka (35-22).
Joko mailaz justu ibili dira eta azken emaitzak ez dira nahi bezain onak izan. Oraindik hirugarren mailakoei jardunaldi bat geratzen bazaie ere, aste honetan finalerdi eta jaitsierak izango dituzte jokoan. Emaitza eskasak lortu direla eta, Oianguko lehen zein bigarren mailako 4 bikoteek, jaitsierako partida jokatu beharko dute, ea azken partidan behintzat garaipena lortu eta maila mantentzerik duten.
Zoritxarrez partidetako batean etxeko biak izango dira elkarren aurka. Lehen mailako Oiangu1 eta Oiangu2k ohorea izango dute jokoan, bihar, 18:00etan, Olaberriako udal pilotalekuan jokatuko den partidan. Nola nahi ere, Oianguk ziurtatua du plaza baten galera. Bestetik, lehen mailako jaitsierako beste partida jokatuko du Oiangu3k, Errenteriarren aurka, bihar. Azkenik, bigarren mailako jaitsiera Deban jokatuko da larunbat goizean.
Hala ere, eta aurrez aipatu moduan, hirugarren mailakoek azken jardunaldia izango dute jokoan. Oiangu2 eta 3ko bikoteek bihar dituzte beraien partidak Olaberriko udal pilotalekuan, lehen mailako jaitsiera partidaren ondoren. Oiangu2ko gazteak (Naldaiz-Elorza) ari dira txapelketarik txukunena burutzen eta bikote bakarra da finalerdietarako aukerak dituena, nahiz eta horretarako azken partidan garaipena eskuratu beharrean diren.