Euskal Herriko kale-margolarien topaketa egingo dute Beasainen
Beasaingo kaleetan margotzen izango dira Euskal Herriko txoko desberdinetatik inguratutako kideak. Edonork parte har dezake eta ez da izenik eman behar. Igartzan elkartuko dira 10:00etan.
Euskal Herriko kale-margolarien topaleku izango da Beasain, larunbatean. Sergio de la Fuente Sketch-Euskal Herria taldeko kidea da eta ekitaldiaren antolakuntzaz arduratu da; «hiru hilabetez behin, mundu mailan egiten den ekimena da, Euskal Herri mailan ere badugu taldetxo bat, eta oraingo honetan, Beasainen elkartuko gara». Elorrion, Durangon edo Endaian egin dituzte horrelako topaketak.
«Ez da txapelketa bat», argitu du, «sketchcrawl deiturikoak, hau da, margolari urbanoak elkartu eta gehien gustatzen zaigun hori egiteko topaketa bat da».
Nahi duen orok parte har dezake eta ez da izenik eman behar. 10:00etan Igartza jauregian elkartuko dira eta handik mugituko dira herriko txoko desberdinetara. Arratsaldera arte egongo dira kalean pintatzen, eta 08:00etan familia argazkia aterako dute Loinazko San Martin plazan.