Hiru Auzoetako Korrikaldiak irekiko du errepideko krosen sasoia, igandean
17,3 kilometro luzeko korrika lasterketa San Martin auzoan hasiko da, igandean 11:00etan. San Gregorio zeharkatu, eta Aiaraino igota, itzulera abiapuntura egingo dute.
Ataungo Hiru Auzoetako 42. Korrikaldia errepideko korrika lasterketa igandean jokatuko da. Udazken-negu garaiko asfalto gaineko krosen denboraldiari ekingo diote.
Ataun Kirol Elkarteko atletismo sailak ohiko ibilbidea prestatu du. San Martindik abiatuko dira korrikalariak, 11:00etan. San Gregorio zeharkatu, eta Kaxetan Aiara igoko dira, han buelta hartu eta itzultzeko (17,3 km).
Aurreneko hiru sailkatuek, gizon eta emakume, lehen beteranoak, eta herriko lehenbizikoak eta lehen beteranoak jasoko dituzte sariak. Denbora errekorrak ontzen dituenak (gizonetan 54:10 eta nesketan 1:04:52), 300 euroko gainsaria jasoko du.
10:30etik 13:00etara errepidean bide bakarra egongo da zabalik, zirkulazioari txandaka pasoa emateko.
Izena kirolprobak.com webgunean eman behar da, aurrez (12 euro). Ostiralean 22:00etan itxiko dute aukera hori. Lasterketaren egunean, igande goizean ere egongo da aukera (20 euro).
Proba nagusia abiatu ondoren, haurren lasterketatxoak jokatuko dira, San Martinen bertan.