Mende erdia ospatzeko, kamiseta berria
Marra gorri-urdin horizontalak berreskuratu dituzte. Cisnerosen aurkako partidan jokatuko dute estreinakoz kamiseta berriarekin.
Ordizia Rugby Elkarteak 50 urte bete ditu aurten. Zehazki, larunbatean beteko dira 50 urte Ordiziako lehenengo errugbi taldeak partida bat jokatu zuenetik. 1973ko urriaren 28an izan zen. Efemeridea eta Ampo Ordiziak Altamiran jokatuko duela aprobetxatuta, urte osora luzatuko dituzten ospakizunei ekingo diete etzi. Urteurrenaren harira, komunikazio armarri berria argitaratu zuen klubak duela hilabete batzuk. Horrez gain, denboraldi berrirako kamiseta berria ere atera dutela jakinarazi berri dute sare sozialetan. Larunbatean jantziko dute Ampo Ordiziako jokalariek estreinakoz, Cisnerosen kontrako partidan, eta hori erabiliko dute 2023-2024 denboraldian. Gorritik marra gorri-urdin horizontaletara pasa dira berriz ere, garai batean izandako itxura berreskuratuz.