Zaldibian igandean ospatuko dute Ardiki Eguna
Mondeju zuriaren lehiaketarako hogei partaide daude izena emanda. Aralarko 17 gazta aurkeztuko dituzte ingurumariko artzainek.
Igandean, Zaldibian, Ardiki Eguna ospatuko dute, mondeju zuriaren inguruan. Hogeita hamar urtera bidean, 28. Ardiki Eguna antolatu du kofradiak. Musikarien dianarekin hasiko da igandeko festa. Herriko txistulariek, eta Garixe, Arbeo, Maltzeta eta Txino trikitilariek girotuko dituzte kaleak.
Artisau azoka eta erakusketarako sekula baino eskari gehiago jaso dituzte antolatzaileek. Indarra hartzen ari da, eta denentzat tokirik ez geratzeraino hazi da.
Baina eguneko izarra ardikia da, bere aldaera eta hedadura guztietan. Festaren berrikuntzarik ez dakar aurtengoak.
Hogei mondejugile
Partaidetza aldetik, oparoa izango dira lehiaketak. Zaldibiako 28. Mondeju Txapelketarako hogei partaide daude izena emanda. Kopuru «polita» da. Izen-emate epea larunbatera arte dago, ordea. Bosna kana mondeju zuri, bere saldatan, eraman behar ditu bakoitzak, igandean 10:00etarako plazara.
Itxura, estalkia, ebaketa, zaporea, usaina eta nahasketako osagaien txikitze-tamaina hartuko ditu kontuan epaimahaiak.
Aralarko gazta lehiaketan, bestetik, 17 lehiakide daude izena emanda. Erakusketan, hamabi ganadu lote jarriko dituzte erakusgai, ardi latxa nagusi dela, muturgorri zein muturbeltzak.
Bazkarian 120 bat kide bilduko dira, antzokian. Igandean kalera jantzi tradizionalekin irteteko eskatu dute.