Amiantori buruzko mahai ingurua antolatu du Ordizia Orainek astearterako
Ion Garcia Asviamieko kideak, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eta Maitena Lasa Gipuzkoako Ur Kontsorzioko ordezkariak parte hartuko dute. 19:00etan izango da, Barrenako areto nagusian.
Amiantori buruzko mahai ingurua antolatu du Ordizia Orainek astearterako, urriaren 31rako. Taldeak zabaldutako deialdian azaldu du “arazo kezkagarri” horri heltzea eta “kontzientzia sortzea” duela helburu ekimenak. Ion Garcia Asviamie amiantoren biktimen elkarteko kideak, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eta Maitena Lasa Gipuzkoako Ur Kontsorzioko ordezkariak parte hartuko dute.
19:00etan izango da, Barrena Kultur Etxeko areto nagusian. Garciak amiantoaren egungo egoeraren ikuspegia emango du, eta kaltetuengan zein ingurumenean dituen eraginak nabarmenduko ditu. Ezenarrok, berriz, legeak toki mailan ezartzen dituen baldintzak, udalen betetze maila eta araudiak betetzeko jarraitu beharreko urratsak azalduko ditu. Hitzaldiak amaitzeko, Lasak amiantoaren presentzia aztertuko du ur-azpiegitura eta instalazioetan. Amiantoa detektatzen denean jarraitu beharreko protokoloa eta ‘ingurumen biktima’ kontzeptua ere azalduko ditu. Ondoren, eztabaidarako eta galderetarako tartea egongo da.
Euskaratik gaztelerarako itzulpen-zerbitzua eta haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dira eta zeinu-hizkuntzako interpretea egongo da.