Barroko Aire 38. Jaialdia, azaroko igandeetan
The three ravens, Musbika Ensemble, Expressio akordeoi duoa eta KUP taldeak ariko dira aurtengo zikloan. Ohi bezala, parrokian izango dira emanaldiak, 18:30ean.
Azken urteetan bezala, aurten ere musika barrokoa izango da protagonista azaroko igandeetan Ordiziako parrokian. Gaur aurkeztu dute Barroko Aire 38. Jaialdia. Azaroaren 5etik 26ra izango da. Hilabeteko igande bakoitzean emanaldi bana egongo da elizan, 18:30ean, doan.
Azaroaren 5ean The three ravens kontzertua eskainiko dute Ana Camilok (ahotsa eta narrazioa), Amaia Blancok (kontrabaxua) eta Arrate Zubigaraik (klabea). 1611ko Thomas Ravenscroft-en Melismata liburuan argitaratutako abesti herrikoi batean oinarrituta, kontakizun musikatu bat egingo dute.
Azaroaren 11n, Musbika Ensemble ganbera musika taldearen txanda izango da. Elgoibarren ekin zioten ibilbideari, 2016ko abenduan, eta 2017an eta 2020an ere izan ziren Ordizian. 2014an Iraide Sarria eta Elur Arrieta musikari profesionalek sortutako Musbika konpainiaren barruko taldea da Musbika Ensemble. Musika klasikoa eta antzinako musika pertsona ororengana iristeko dauden oztopo eta chichéak gainditzeko asmoz sortu zuten.
Hilaren 19an, berriz, Expressio Maria Zubimendi eta Garazi Navas akordeoi-jotzaileek osatutako bikoteak egingo du kontzertua, eta zikloa amaitzeko, KUP musika koral taldearen emanaldia izango da azaroaren 26an.
Azaroaren 3an, Phoenix Consort
Zikloaren barruan sartzen ez bada ere, azaroaren 3an beste kontzertu bat egongo da parrokian, 20:00etan. Phoenix Consort Erresuma Batuko abesbatzaren emanaldia izango da.