Ezkiotik Atxurtzara txangoa egingo dute
Ezkioko herritarrek ilunabarreko txangoa egingo dute bihar, 18:30ean. 7,31km-ko ibilbidea izango da; Ezkiotik abiatu eta Kizkitzatik Atxurtzara joango dira. Mendi ibilaldi “erraza” dela azpimarratu dute.
Mendiaz eta naturaz gozatzeko eta toki berriak ezagutzeko zein herritarren arteko harremanak sendotzeko helburuekin antolatu dute ibilaldia, eta antolatzaileen arabera irteera “berezia” izango da hau, gau beltzaren atarian izango delako, eta ilargi betea lagun izango dutelako. Norbanako bakoitza autoz igo beharko da, eta janaria, ura eta argia ere eraman beharko ditu.
Hilabetean behin egingo dituzte txangoak, azken igandean, eta hau da egingo duten lehenengoa.