Makilak opari auzotarrentzat
Rafa Mugarzak Brinkolako baserri eta etxe guztiei oparitzeko 50 inguru egurrezko makil egin ditu labanarekin, bakoitzaren izena jarrita. Beti izan ditu gustuko labanak, eta leku askotakoak ditu, bilduma txiki batean jasota.
Brinkolarrek opari berezia izango dute aurtengo Gabonetan: Rafa Mugarzak egindako egurrezko makilak, Legazpiko auzo horretako baserri eta etxe bakoitzaren izen eta guzti. Labana hartuta, hurritz adarrekin eskuz egindakoak dira, 50 inguru. Baina askoz gehiago egin ditu orain arte, 400 inguru, Brinkolakoak batuta.
Labanak ere, ugari ditu Mugarzak, gazte-gaztetan hasita 100dik gorako bilduma txiki bat osatzera arte.
Hurritzezko makilak
Mugarzak azaldu duenez, hurritz egurrarekin egindako makilak dira gehienak, eta gorosti eta lizar egurrekin egindakoak ere bai, gutxi batzuk. «Hurritzezkoak, urriko ilberrian moztutako adar luzeekin eta ahalik eta zuzenenekin egindako dira. Esaten dute hori dela garairik onena adarra mozteko». Brinkola inguruko zuhaitzetakoak dira, eta «asko eta asko nire lagunak diren Pako eta Xefe Agirre anaiek ekarritakoak».
Prozesua ez da oso konplexua: «Adarrak zuritu, eta lehortzen uzten ditut egun pare batez. Ondoren, lixa pasatzen diet, lehenengo latza, eta gero finagoa, lehun-leun uzteko. Gero, zinta isolatzailearekin eraztunak markatzen dizkiet, eta aukeratutako tokietan gaztaina koloreko berniza emanda, nahi dudan marrazkia lortzen dut. Izena errotulatzaile beltzarekin jartzen dut. Amaitzeko, kolorerik gabeko berniza ematen diot makila osoari». Baserri eta etxeen izenak «hemen esaten ditugun moduan idatzi daude».
Emaitza, 1,60 metrotik gora neurtzen duen makila dotorea da. «Artzainek esaten dute luzera egokia pertsonaren sorbaldarena izan behar dela, burua gainditu gabe. Zergatik? Artaldeak zaintzen ari zirenean, besazpian sartu eta zutik sostengatzeko».
Orain arte, 400 inguru
Lan hori Armuño elkartean egiten du Mugarzak, bere denbora librean, «denbora pasa moduan hartzen dut, lasai-lasai egiten dut, kalimotxoa ondoan dudala». Horrela, Brinkolako 37 baserrietarako makila bana egin du, dagoeneko ez dauden baserri batzuetarako batzuk ere bai, baita auzoko etxeetarako ere, «baina oraindik batzuk falta zaizkit». Gabonetan opari gisa eman nahi dizkie auzotarrei, eta ordurako denak amaituta izango ditu.
Brinkolakoak 50 makila inguru izango dira guztira, baina askoz ere gehiago ditu eginda, izenekin horiek ere: gurasoen Oñatiko Araotz auzoko lagunentzat, Legazpiko taberna batzuentzat, Brinkolako lagunentzat… «400 inguru izango dira».
Lehena, 10-bat urte zituela egin zuen, «nire lehen labanarekin». Barrendiola urtegiaren atzealdean moztutako adarrarekin egin zuela gogoratzen du Mugarzak, «baina orduan, adarra zuritu besterik ez nuen egin».
Oraingo bildumarekin duela lau-bat urte hasi zen, «Gibola inguruan hartu nuen adar bat, eta handik behera, Zubiaur baserriaren parean zurituta nuen dagoeneko. Hango mutikoak, Oinatzek, oso polita zela esan zidan, eta oparitu egin nion. Gero haren bi anaientzat ere egin nituen». Haiekin hasita bururatu zitzaion auzoko baserri eta etxe guztientzat bana egitea.
Labanen bilduma
Beti gustatu izan zaizkio labanak, «lehenengoa 10 urterekin lortu nuen». Ordutik hona makina bat eskuratu ditu eta ehunetik gora ditu. «Bilduma txiki bat da. Ingurukoek badakite gustatzen zaizkidala, eta handik eta hemendik ekartzen dizkidate. Baina gehienak nire arreba Arratek oparitutakoak dira».
Mugarzak ez du labanen bilduma itxita, eta norbaitek oparitu nahi badio bat, «gustura hartuko dut». Makilekin ere jarraitzeko asmoa du.