Arriarango kirol bizitza hitz-aspertuan
Jon Elortza, Ana Ramos eta Joxemari Apaolatza kirol kazetariak Arriarango Intxaurpe elkartean izan dira haien lanbideaz hitz egiten.
Ana Ramos, Maixabel Urdangarin, Jon Elortza eta Joxemari Apaolatza, gaur eguerdian, Arriarango Intxaurpe elkartean. // Argazkia: Iñaki Gurrutxaga Arriarandik sortzen. Mendeetako arriarandar kirolariak izenburuko mahai-ingurua egin dute gaur Arriarango Intxaurpe elkartean. Iker Sanchoren sarrera historiko baten ondotik, Joxemari Apaolatza eta Jon Elortza kirol kazetariekin mahai-ingurua gidatu du Maixabel Urdangarinek, baina bi ez, azkenean hiru izan dira hitz-aspertuan aritu diren kazetariak, Ana Ramos eibartarra –Elortzaren bikotea– ere arriarandartu egin baitute.
Sancho lazkaotarrak –ama du Arriarangoa– iaz Arriarango sortzaileak izeneko ziklo bati hasiera eman ziotela, eta hari horri tiraka, Arriaranen bi kirol kazetari dituztela ohartu ziren. Jon Elortza arriandarra bata, eta bestea Joxemari Apaolatza. Azken hori arriarandartu egin dute, haren birraitona baitzen Arriarangoa, Iturritza Goikoa baserrikoa. Sanchok labur baino zehatz azaldu du irrati esatari lazkaotarraren zuhaitz genealogikoa. Ana Ramos, berriz, bi hilabetez Arriaranen bizi izan zen.
Kirol testigantza zaharrena orain 250 urtekoa
Tertulia hasi aurretik, Arriarango kirol eta kirolariengan jarri dago arreta historialariak. Arriaranen dokumentatuta dagoen kirol proba zaharrena bola-jokoa da, orain 250 urtekoa. “70 orrialdeko dokumentu bat da, eta horrenbeste orri ditu istiluak izan zirelako”. Izen eta abizen azaldu ditu orduko pasarteak.
Ibarreko Joxemiel Mendia ziklista bestea, 102 urtekoa, 1940ko hamarkadan txirrindulari ibilitakoa. Leandro eta Axentsio aizkolarien kontuak ere bai, 1957ko apustua gogoan. Hurrena kronologikoki Emilio Odriozola, txirrindularia hori ere. Gerora izan dira Arriaranen sokatira eta areto futbol taldeak, baita belaunaldi berriagotako beste hainbat kirolari ere.
Elortza eta Apaolatza pisukideak
Apaolatzak “iraganarekiko pasioa” izenburua jarri dio Sanchoren aurkezpenari, bere arbasoen berri jakin bazekiela adieraztearekin bat. Elortzak, berriz, Arriaranen bizitako haurtzaroa eta gaztaroa “zoragarritzat” ditu: “Oso garai zoriontsua izan zen: errekan arrantzan ibili, kabi bila…”
Bi kazetariak bi urtea Bilboko Arangoiti auzoan pisukide izanak dira, Kazetaritza ikasten ari ziren garaian. Hango kontuak ere berritu dituzte. Euskarazko kazetaritza lehenaz eta orainaz, teknologia berriek haien lanbidera ekarri dituzten aldaketez eta belaunaldi gazteen joerez ere aritu dira, lankide eta lagun giroan.
Bazkari baten bueltan jarraitu du mahai-inguruak Intxaurpe elkartean.










