Baserria plazara
Bertatik Bertara azoka egin dute gaur Legazpin GUNE elkarteak antolatuta, zortzi ekoizleren produktuekin. Burruntzian erretako txekorrak piztu du arreta gehien.
Legazpiko Lakiola Aundi baserriko txekorra, burruntzian erreta. // Argazkia: Iñaki Gurrutxaga GUNE Goierri Urolako Nekazarien Elkarteak antolatutako Bertatik Bertara azokaren hirugarren edizioa egin dute gaur goiz-eguerdiz Legazpiko Azokan. Urretxun egin zen aurrenekoa 2018an eta Zumarragan bigarrena 2019an, eta hiru urtez egon den hutsunea bete dute gaurko bilkurarekin.
Inguruetako herrietako zortzi ekoizleren produktuak erosteko aukera izan da: Legazpiko Lakiola Aundi txekor hanburgesak eta txistorrak; Mantxolako haragia eta Makatza gazta, ogia eta magdalenak; Zumarragako Leturiondoko haragia; Urretxuko Aikur eztia eta Agerreko esnekia; Gabiriako Baztarrikako gazta; eta Itsasoko Harisitizabaleko ogia, zukua eta fruta.
Arreta gehien piztu duena burruntzian erretako txekorra izan da, Lakiola Aundi baserrikoa. Elorrioko (Bizkaia) Carlos Ibarrondok erre du hamabi orduz, eta haren pintxoak bi euroan saldu dituzte.










