Errugbiaren festa Ordizian
Ordizia Rugby Elkarteak 50 urte bete ditu gaurko egunez, eta kirol lehiarako ez ezik, ospakizunerako eta omenaldiak egiteko eguna izan da. Ampo Ordiziak galdu egin du Cisnerosen aurka (19-38), eta ezin izan du Altamirako festa eguna borobildu.
Ordizia Rugby Elkarteko harrobiko jokalariak, klubaren sortzailak, Pirritx eta Porrotx pailazoak eta Manu Osinalderen senideak, gaur arratsaldean, Altamiran ateratako familia argazkian. // Argazkia: Iñaki Gurrutxaga Egun seinalatua zen gaurkoa Ordizia Rugby Elkartearentzat. Gaur 50 urte, 1973ko urriaren 28an, jokatu zuen lehen errugbi partida, eta klubaren egun handia ospatu dute. Goiz guztian errugbi partidak jokatu dira Altamiran –16 urtez azpikoak, errugbi inklusiboa, 18 urtez azpikoak eta neskak–, eta bazkaritarako tartea hartu ondoren, arratsaldeko ekitaldiei ekin diete.
Pirritx eta Porrotx pailazoen Katxiporreta taldeak 35 urte bete ditu aurten eta Tolosako Bonberenea txarangak 20, eta horiek gidatutako kalejira batekin joango dira zaleak Plaza Nagusitik Altamira estadiora.
Espainiako Ohorezko Mailako partidaren aurretik egin dituzte eguneko ekitaldi nagusiak. Aste honetan lan ezbeharrez hil den Urtzi Abanzabalegi jokalari ohiaren argazkia prest zegoen ordurako zelai ertzean, Ordiziako taldearekin irabazitako bi kopak eta hark jokatutako taldeen elastikoak ondoan zituela.
Omenaldi eta oparietarako tartea
Ordizia Rugby Elkarteko harrobi jokalariek egindako korridorean pasatzen lehenak Pirritx eta Porrotx pailazoak izan dira. Segidan, orain 43 urte Trevijanon errugbi partida bat jokatzen ari zela bihotzekoak jota hil zen Manu Osinalderen senideak, eta bukatzeko, orain 50 urte kluba sortu zuten beteranoak. Taldeko argazkia atera dute denek elkarrekin.
Adur Ezenarro alkateak hartu du hitza ondoren. Klubari eta pailazoei urteotan guztietan egindako lana eta zabaldutako balioak eskertu ondoren, oroigarri bana eman die opari Koro Bosque OREko presidenteari eta Porrotx pailazoari.
Manu Osinalde zenaren alaba Amagoia eta haren ume Eitza ondoan zuela hartu du hitza gero Porrotxek. Osinalderen gertaeraren berri eman du Amagoiak zeinu hizkuntzaz haren hitzak azaltzen zituen bitartean, eta Joanes Aierbe errugbi jokalari ohiak jaso du pailazoek oparitutako pagoa. Klubari ere pago landare bat eman diete Pirritxek eta Porrotxek.
Koro Bosqueren hitzartzearen ondoren, Cisneros taldeko presidenteak ere Ordiziako kluba zoriondu du, eta elastiko bat eta plaka bat eman dizkio Bosqueri.
Partida ezin irabazi
Bi taldeetako jokalariak zelairatu direnean, Altamirako berdegunean zeuden Abanzabalegirekin Ordizian aritutako errugbilari hainbat eta hainbat. Minutu bateko txalo zaparradaren ondoren, bertso bat kantatu diote denen artean, eta hori amaitzean hasi da partida. Gaur, gainera, orain 50 urteko elastiko marraduna estreinatu du lehen taldeak.
Zeinen ozena den bere
isilaren oihartzuna;
zeinen sakona gaur hemen
lortu duen batasuna.
Aspaldi ikusi gabe
gogor astintzen zaituna.
Garagardo baten bueltan
argitzen zuen iluna.
Zelaian borrokalari.
jende artean hiztuna,
edonoren adiskide,
eta denontzat kuttuna.
Ezerk ezingo du eten
errugbiak batu duna:
Lurra arin dagiala!
Eskerrik asko laguna.
Ampo Ordiziak ezin izan du Madrilgo taldearekin. Cisneros izan da markagailua zabaltzen lehena zigor kolpe batekin, eta atsedenaldira 7-20 markagailuarekin iritsi dira. Bigarren ere nagusi izan dira espainiarrak, eta 19-38 bukatu da norgehiagoka.










