CAFeko langileek lanuzteak hasi dituzte hitzarmenaren negoziazioaren alde
Ostegunean bi orduz gelditu ziren eta azaroan ere beste sei egunetan geldituko dira.

Beasaingo CAF lantegia.
CAFeko langileak lanuzteak egiten hasi dira hitzarmenaren negoziazioa bultzatzeko. CAFek Beasainen duen lantegian, erabateko babesa eman diote (botoen % 90 baino gehiago) Enpresa Batzordeak egindako mobilizazioen proposamenari. Hala, geldialdia egin zuten ostegunean, eta azaroan zehar ere egingo dituzte lanuzteak.
“Enpleguaren defentsa, lanpostu finkoen sorrera, langile beteranoenen erretiro-baldintzak, konpainiaren errealitatearekin eta bizitzaren garestitasunarekin bat datozen soldata-igoerak, azpikontratak plantillan integratzea, hitzarmena tituludun langileentzat ere aplikatzea, langileen egunerokoan hobekuntza zehatzak egitea, lan-osasunari buruzko hainbat gai, telelanaren baldintzak eta Castejongo lantegia CAF SAren hitzarmenean sartzea dira, besteak beste, hitzarmen honen negoziazioan zuzendaritzarekin negoziatu beharreko gaiak”, azaldu dute enpresa batzordetik.