Jasoko langileek lanuztea egin dute
Zuzendaritzak, lan karga murriztu egin dela argudiatuta, bi langile kaleratu ditu. Enpresa Batzordeak kaleratzeak baliogabetzeko eta KPIaren eguneraketa eskatu ditu.
Jaso enpresako langileek ordubeteko lanuztea egin dute gaur, 13:30etatik 14:30era. Etenaldia baliatu dute Idiazabalgo enpresaren atarian elkarretaratzea egiteko. Kaleratzeak eteteko eta KPIa eguneratzeko presio egin nahi dute.
Zuzendaritzak, lana gutxitu egin dela argudiatuta, bi langile kaleratu ditu. Enpresa Batzordea erabakiarekin ez dago “batere” ados, Ana Alonso arduradunak azaldu duenez. Batzordeak aitortu du zama txikiagoa dela, baina egoera kudeatzeko “erak eta erak” daudela azpimarratu du. “62 eta 59 urteko bi langile dira kaleratu dituztenak. Duintasunez erretiratzeko zailtasunak izango dituzte hartutako erabakiagatik”.
Zuzendaritzari, kaleratzeak eteteaz ginera, soldatak eguneratzeko ere eskatu diote. Lan hitzarmenean hala jasota datorrela gogorazi dute eta bizitza “asko” garestitu dela azken aldian.
Jasok 150 bat langile ditu, bi egoitzatan banatuta: Idiazabal eta Olaberria. Batera egin dute protesta. Gainera, goizeko erreleboaren azken ordu erdia eta arratsaldekoaren lehen ordu erdia harrapatu ditu lanuzteak. Enpresa Batzordeak ez du mobilizazio gehiago egitea aurreikusita.