Kontseiluak deitutako manifestaziora joateko autobusa antolatu dute Itsasondoko, Aramako eta Altzagako udalek
Asteazkena baino lehen eman behar dute izena autobusean joan nahi dutenek. Larunbatean izango da manifestazioa, 17:00etan, Bilbon.
Euskalgintzaren Kontseiluak Oldarraldiaren aurrean euskararekin bat, euskaraz bat lelopean manifestazioa deitu du larunbaterako, azken hilabeteetan euskaraz jardutea debekatzen duten erabakien aurkako aldarriak kalera ateratzeko. 17:00etan izango da manifestazioa, Bilboko Euskalduna Jauregitik irtenda. Itsasondoko, Aramako eta Altzagako udalek deialdiarekin bat egin dute eta autobusa antolatu dute manifestaziora joateko.
Autobusa 14:30ean Altzagatik aterako da, 14:45ean Aramatik, eta 15:00etan Itsasondotik. Itzulera manifestazioa bukatzerakoan izango da, 20:00ak aldera. Autobus horretan joan nahi duten herritarrek asteazkena baino lehen eman behar dute izena, udaletxeetara deituta edo galdetegi hau beteta. Herritar bakoitzak 5 euro ordainduko ditu autobusean bertan. Lehentasuna hiru herri horietako herritarrek izango dute.