Txakur jabe eredugarri formakuntza ikastaroa asteartean hasiko da
Txakurrak arduraz zaintzeko eta herritarren arteko bizikidetza hobetzeko helburuarekin antolatu du Beasaingo udalak, Kangune zentroaren laguntzarekin. Izen ematea zabalik dago.
Txakur eredugarri programaren barruan, Txakur jabe eredugarri ikastaroen hirugarren formakuntza hasiko da asteartean, txakurrak arduraz zaintzeko eta herritarren arteko bizikidetza hobetzeko helburuarekin. Txakur-jabeei eta haien txakurrei zuzenduta dago, eta parte hartzeko izena eman behar da, Beasaingo udalaren webgunean. Udalak, Kangune txakurren trebakuntzan espezializatutako zentroaren laguntzarekin garatu eta antolatu du.
Asteartean hasita -18:00etan izango da udaletxeko plazan-, zortzi saio izango dira denera -astearteetan-, amaierako azterketara iritsi arte. Azken azterketa hori gainditzen dutenek, txakur heziketa agiria jasoko dute.
Formakuntza honetan, txakur-jabeek, txakurrekin parte hartuko dute, saio praktikoak izango direlarik, eta aditu batek, jabe eredugarri izateko erremintak emango dizkie
Formakuntzaz gain, sozializazio paseoak egingo dira ere. Ostegunetan, 18:00etan elkartuko dira, Loinazko San Martin plazan. Parte hartzeko, formakuntza ikastaroan izena ematea nahitaezkoa da.
Adineko pertsonekin lanketa
Txakur eredugarri programaren barruan ere, adineko pertsonekin lanketa abiatuko dute ostera ere. Txakurrak laztandu eta haiekin komunikatuz, estimulazio kognitibo eta sentsoriala landuko dute, baita komunikazio afektibo eta ludikoa indartu ere. Hala, Arangoiti adineko pertsonen egoitzan eta Eguneko Zentroan, ordubeteko saioak errepikatuko dituzte txakur hezitzaile profesional baten gidaritzapean.