Amiantoaren biktimek konpentsazio funtsa sortzeko eskatu dute ostera ere
«Ahalik eta lasterren» urte honen hasieran onartuta egon behar zuen araudia onartzeko eskatu dute biktimek. Amiantoari buruz solasaldia egingo dute gaur Ordizian.
Eusko Legebiltzarrak Amiantoaren Biktimen Konpentsazio Funtsa garatzen duen araudia «ahalik eta azkarren» onartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Pedro Sanchezen exekutiboak konpromisoa hartu zuen ekitaldi honetako urtarrilaren 20rako prest izateko, baina atzeratu egin da, eta amiantoaren biktimek «ezin dute gehiago itxaron».
Jon Garciak FEDAVICA Amiantoaren Biktimen Elkarteen eta Kolektiboen Estatuko Taldearen izenean gogorazi duenez «aldarrikapena 2013koa da, Eusko Legebiltzarrak onartu baitzuen amiantoaren biktimei eta haien senideei kalte-ordainak emango zizkien funts bat sortzeko aukera aztertzea». Azkenik, Eusko Legebiltzarrak, 2015eko ekainaren 25ean egin zuen osoko bilkuran, aho batez onartu zuen funts hori sortzeko lege-proiektua, eta Diputatuen Kongresuari proposatu zion ontzat eman zezala, Eusko Legebiltzarrak ez zuelako indarrean jartzeko eskumenik.
Baina oraindik ez da iritsi, eta Garcia kexu da, «ordutik, hiru aldiz» erregistratu behar izan da lege-proiektua, 2016an, 2017an eta 2019an, berehalako emaitzarik gabe, eta joan den ekitaldira arte ez zen amaitu Madrilen tramitazio parlamentarioa, hiru hilabeteko epean funtsa sortzeko erregelamendu bat aurkezteko konpromisoarekin, 2023ko urtarrilaren 20an amaitu zena.
Amiantoaren biktimek jakinarazi dutenez, «gaur-gaurkoz, Gizarte Segurantzaren eta Migrazioen Ministerioak garatutako erregelamendu-proiektu bat landu du Gobernuak, Legearen espirituarekin kontraesanean dagoena, auzibide judizial luzeekin amaitu nahi duena, eta antzeko egoeratan aurkitzen diren beste kolektibo batzuek, baino kalte-ordain txikiagoak ematen ditu».
Gainera, ohartarazi dutenez, «Gizarte Segurantzako Ministerioak proposatutako testuak ez du errespetatzen biktima guztiak babesteko helburua, aurreko urteetan hildakoen senideak
diskriminatu egiten baititu».
Biktimek jarduneko Gobernuari eskatu diote «adierazitako puntuak zuzendu ditzala, 21/2022 Legea, urriaren 19koa, Amiantoaren Biktimentzako Konpentsazio Funtsa sortzekoa, aho batez onartzeko lortu zen adostasun parlamentarioaren espiritua errespetatzeko, eta hura garatuko duen Erregelamendua onets dezala».
Amiantoari buruzko solasaldia Ordizian
Amiantori buruzko mahai ingurua antolatu du Ordizia Orainek gaurko. Taldeak zabaldutako deialdian azaldu du “arazo kezkagarri” horri heltzea eta “kontzientzia sortzea” duela helburu ekimenak. Ion Garcia Asviamie amiantoren biktimen elkarteko kideak, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eta Maitena Lasa Gipuzkoako Ur Kontsorzioko ordezkariak parte hartuko dute. 19:00etan izango da, Barrena Kultur Etxeko areto nagusian.