Arriarango Ondarre baserriko Maria Luisa Urrestarazu omendu dute azokan
Errezil sagar sariketan Aramako Patxi Zubizarretak jaso du sari nagusia, eta fruitu, barazki eta loreetan, berriz, Zegamako Josetxo Mendiak.
Urriko azken astearteko azokan, gaur, Arriaran auzoko Ondarre baserriko Maria Luisa Urrestarazu Telleria omendu dute, baserriari lotuta bizitza osoa egiteagatik. Leire Artola alkateak lore sorta oparitu dio herritar guztien izenean.
Jasotako omenaldiagatik «eskertuta» zegoen eguneko protagonista; «horrelakoak gustura hartzen dira beti!», borobildu du. Gaur gaurkoz, Beasaingo azokara inguratzen diren ekoizleen artean beteranoetako bat da Urrestarazu. «50 urte pasa ditugu hemen, eta akordatzea, eskertzen da», errepikatu du esker ona adieraziz. Momentua baliatuz, egindako ibilbideaz mintzatu da: «Amaginarreba zebilen azokan saltzen, baina ezkondu nintzenean, halabeharrez eskumuturra hautsi zuen, eta derrigorrez hasi egin behar. Geroztik, nola ikasi egin nuen, hemen ibili izan naiz beti, lehen astean bitan, eta orain, astearteetan bakarrik».
Urte asko dira, beraz, azoka ezagutzen duela. Esperientziatik, aitortu du, «asko aldatu da bertako martxa». Azoka itzaltzen ari dela dio, «ez diot etorkizun handirik ikusten», nabarmendu du. Belaunaldi erreleborik ez dagoela dio. Beasaingo azokako ekoizleen postuetara gerturatzen diren erosleei buruz, berriz, esan zuen, «oso fidelak» direla; «asteartero hutsik egin gabe etortzen dira, eta ez dira posturik postu saltoka ibiltzen, badakite zer nahi duten».
Lehiaketetako sarituak
Beasaingo XXXII. Errezil sagar lehiaketa eta XXXIV. Fruitu, barazki eta lore lehiaketa egin dira omenaldiaz gain. Hiru sari banatu dituzte sariketa bakoitzean.
Errezil sagarretan, Aramako Iturriotz baserriko Patxi Arizmendik jaso du sari nagusia; Beasaingo Atari-eder baserriko Maria Rosario Txintxurretak jaso du bigarrena; eta Gateluko Usurburu baserriko Asun Etxeberria Otaegik jaso zuen hirugarrena.
Fruitu, barazki eta loreetan, berriz, Zegamako Altzibar baserriko Josetxo Mendia Azurmendik jaso du lehenengo saria; Aramako Patxi Zubizarretak jaso du bigarrena; eta azkenik, Tolosako Aritzeta baserriko Zugaitz Ibañez Ortillesek jaso du hirugarrena.
Jarraian, omenaldiko eta sari banaketaren argazkiak: