Bakuntza elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatu du Lazkaoko Udalak
Aniztasun funtzionala duten pertsonen aisialdia eta kultura-jarduerak garatzen ari da Bakuntza. Aurten 1.000 euroko diru laguntza jasoko du Lazkaon, buruan dituzten beste proiektu batzuk abiatzen laguntzeko.
Aniztasun funtzionala duten haur, gazte eta heldu goierritarren jarduera fisiko inklusiboa eta aisialdi egokitua garatuko du Bakuntza elkarteak. Lazkaoko Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatu zuten, ostiralean. Aurten 1.000 eurorekin lagunduko du udalak Bakuntza.
Bakuntza desgaitasun funtzionala duten pertsonentzako aisialdiko elkartea da. 2022ko apirilean egin zituen lehen urratsak, eta 2023ko martxoaren 20an eratu zuten elkartea. Jarduera fisiko inklusiboa eta aisialdi egokitua sustatzen ditu, dibertsitate funtzionala duten haur, gazte eta helduen parte-hartzea sustatuta, eta dibertsitate funtzionala duten eta ez duten pertsonen arteko inklusioa eta interakzioa ere bultzatzen dute.
Lehen proiektuak dantzaren bidez garatu ditu, sentimenduen eta gatazken kudeaketan lagungarri izateko. “Bakuntzaren helburu nagusia pertsona guztien berdintasuna bermatzea da, aisialdiaren esparruan eta bizitzako hainbat arlotan”.
Dantzaz eta musikaz gain, Bakuntzak beste proiektu batzuk martxan jartzeko asmoa du. Sexualitatearekin eta finantza-hezkuntzarekin lotutako gaiak jorratuko ditu. Hurrengo proiektuetako bat Dantza Topaketa da, Gipuzkoako hainbat herritan egingo dena. Dantza erakustaldiak, hezkuntza jardueren sustapena eta elkartearen webgunea ere antolatzen dira.