Hotzari aurre egiteko, neguko barazkiak
Aza eta azaren familiako produktuen eskaintza handitzen doa, baina udakoak erosi daitezke oraindik, tomatea eta piperra, adibidez. Gaurko Gau Beltzak eta biharko Santu Guztien egunak izan dute oihartzuna ferian, kuiekin eta hilerrira eramateko loreekin batera.
Duela gutxira arte tenperatura altuak eta euri falta izan dira hizpide Ordiziako ferian, baina atzo hotz kontuekin ibili ziren gora eta behera baserritarrak plaza inguruan. Izan ere, udazken-neguko eguraldia bat batean sartu da, eta batzuk gustura hartu duten bezala, beste batzuk nahiago dute lehengoa. Feria ondo prestatuta harrapatu du behintzat, eguraldi hotzetarako aproposak diren produkturik ez delako falta.
Izan ere, neguko barazkien eskaintza geroz eta zabalagoa da, nahiz eta oraindik udako produktuak ere badauden aukeran, besteak beste tomatea eta piperra. Negukoei begira jarrita, aza eta bere familiako guztiak daude aukeran. Aza lisoa eta kixkurra, kale aza lisoa eta kixkurra, pak choi edo txinatar aza, brokolia, azalorea, lonbarda… denetik zuten salgai dagoeneko plaza barruko postuetan, eta azken aste honetatik aurrera baita romanesku azalorea eta azalore morea ere. Romaneskua Gabiriako Anttoni Murgiondok eta Ibarrako Arantxa Iparragirrek zuten gaur, bakoitza 2,5 euroan, eta azalore morea Iparragirrek bakarrik, hori ere 2,5 euroan.
Negukoa da, baita ere, ilarra, eta oraindik hilabete batzuk falta badira lekale hori dastatu ahal izateko, landatzeko garaia iritsi da. Montesekoek lehen landareak jarri dituzte gaur salgai, Dorian motakoak, hiru landareko multzoa 0,20 euroan.
Ehiza eta perretxikoak
Azak eta horren familiako barazkiak bezala, perretxikoak eta ehiza ere garaian garaikoak dira. Ehiz kontuak Mikel Lasak izaten ditu salgai bakarrik, eta aurtengo denboraldia eperrekin hasi du. Pieza 10 euroan zuen salgai.
Perretxikoei dagokienez, bi berritasun izan dira gaurko ferian: mendiko angulak (Lasak zituen 20 kilo, 20 euroan kiloa) eta kardu perretxikoak (Barcinarenean hiru kilo, 15-18 euroan). Bien artean, bestalde, 45 kilo onddo (29-33 euro), 35 kilo niskalo (13-20 euro) eta 45 kilo ziza hori (18-22 euro) ere jarri dituzte salgai.
Loreak eta kuiak
Biharko Santu Guztien egunak ere izan du oihartzuna ferian. Hilerrira eramateko lore sorta eta zentro ugari izan dute salgai, baita Gau Beltzeko ikur bihurtzen ari diren kuiak ere.
Loreak Iñaki Azanzaren eta Maria Dolores Mendizabalen postuetan zeuden, eta kuiak, postu askotan. Ikusgarria zen Edurne Jauregik jarri duen eskaintza, jateko eta adornurako kuiez betetako mahai bat osatzerainokoa. Aurreko astean kolpe batean zazpi kuia saldu zituela aipatu du Jauregik, Gabiriako familia bati, gaurko Gau Beltza ospatzeko. Bere herrian ere, Baliarrainen, festa hori ospatzen dela esan du.
Goierriko bisitari gaztetxoak
Eskolan ikasturtea hasi denetik, etengabeak dira ikasleen bisitak ferian. Gaur, Goierriko bisitari gaztetxoak izan dira:.Beasindik trenez iritsi dira batzuk, Alkartasuna Lizeoko Lehen Hezkuntzako ikasleak, lehen mailakoak. Bigarren taldekoak, berriz, autobusez joan dira feria ikustera, Ormaiztegiko San Andres eskolan LH 3 eta 4 mailak egiten ari diren gaztetxoak.