Ilargi betea lagun izanda ilunabarreko txangoa Ezkiotik Atxurtzara
Herritar talde batek hilean behin mendi irteerak antolatuko ditu hilaren azken igandean. Lehen irteera larunbatean izan zen, gauez egitea erabaki zuten, baina hurrengoak egunez izango dira.
Larunbatean Ezkioko herritarrak ilunabarreko txangoa egin zuten; Ezkiotik abiatuta, Kizkitzatik pasa eta Atxurtzaraino, guztira 7,31km-ko ibilbidea eginez.
Mendi zaletasuna duten Ezkioko herritar talde batek, antolaketa talde bat sortu du, hilean behin mendi irteera bat egiteko asmotan; zehazki, hilaren azken igandean. Urria salbuespena izan da, igandean egin beharrean pasa den asteburuan, arimen gauaren harira, larunbatean egitea erabaki zutelako.
Antolaketa taldeko kide batek azaldu digu horrelako txangoen bitartez txoko berriak ezagutu eta mendi zaletasuna zabaldu nahi dutela. Gainera, «herritarren harremana sendotzeko ere balio dezake, baita adin ezberdinetako herritarren artean ere».
«Larunbatekoa berezia izan zen», hala azaldu du antolaketa taldeko kide honek. 30-35 pertsona inguru bildu ziren ilunabarreko txangoan, eta herritarren balorazioa «ona» izan da. Horregatik datozen hilabeetan mendi irteerak antolatzen jarraituko dute.
Pasa den larunbatean, arimen gauaren atarian eta ilargi betea iragarrita zegoela aprobetxatuta, gauez egitea otu zitzaien. «Oso polita izan zen», mendiaz eta naturaz gozatzeaz gain, gauez egiteak berezi egiten zuelako. Denak aurre-argiztapenarekin joan zirela aitortu digu antolatzaile honek, eta horrek beste misterio puntu bat ematen diola mendiari.
«Gainera eklipse partzial bat ere egon zen larunbat gauean, eta horrek lehen txangoari bere xarma edo berezitasuna eman zion». Hurrengo txangoak ordea, igande goizetan egingo direla iragarri digu.
Hurrengo txangoak
Ibilaldi guztiak adin guztietarako pertsonei bideratu nahi dizkiete; «erritmo eta ibilbide egokienak hautatzen saiatzen gara».
Lan taldea ere adin guztietako pertsonek osatzen dutela baieztatu digu eta denen artean erabakitzen dutela nora egin datozen ibilaldiak. «Hurrengo txangoa oraindik zehaztu gabe daukagu, baina azaroaren azkeneko igandean egingo dugu».