Musikarena da azaroa Legazpin
Gaur hasiko da ekitaldiz beteriko Azaroan Musika zikloa. Santa Zezilia kontzertua hilaren 25ean izango da, Urbeltzen. Abenduaren 3an, ‘Aztarnetan’ ikuskizuna egingo dute.
Azken urteetan musikarena da azaroa Legazpin, eta musika ekitaldiz betetzen da hilabete honetako agenda, Azaroan Musika izenburuaren babesean. Aurten ere, hilaren 22an ospatzen den Santa Zezilia egunaren inguruan ekitaldi sorta antolatu du udaleko kultura sailak, herriko musika talde eta elkarte nagusiekin elkarlanean. Ziklo honek, ohi bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren diru laguntza izango du.
Azaroan Musika egitarauaren edizio berri hau gaur bertan hasiko da, eta abenduaren 3ra arte luzatuko da. Azkena kenduta, emanaldi guztiak doakoak izango dira, eta musikaz gozatzeko muga bakarra espazioen edukiera izango da.
Bi emanaldi nabarmen
Ohi bezala, kontzertuak izango dira Azaroan Musika zikloaren ardatz nagusia, eta horien artean Santa Zeziliakoa izango da ekitaldi nabarmenena, herriko musika talde nagusiak elkartzen direlako okasio horretarako. Hilaren 25ean izango da aurten, eta bertan jardungo dute Goiz Deia txistulari bandak, Santikutz abesbatzak, Alaitasuna errondailak eta Legazpi Musika Bandak. Urbeltz pilotalekua izango da berriz ere kontzertu aretoa.
Aurten bada nabarmendu beharreko beste emanaldi bat, abenduaren 3ko Aztarnetan. Bertan, Xegun Altolagirreren gidoiari jarraituz, Edurne Zabalok, Gorka Hermosak, Blanchard Stringek eta Marta Zabaletak parte hartuko dute. Latxartegi aretoan izango da, eta sarrera 5 eurokoa izango da.
Gaur, opera eta zarzuela
Opera eta zarzuela doinuek irekiko dute aurten ere Azaroan Musika, gaur 19:00etan Latxartegi Aretoan egingo den gala lirikoarekin. Santikutz abesbatzaren ekimenez, goi mailako ahots kontzertua entzuteko aukera izango da. Eduardo Sola pianoarekin lagun dutela. Leire de Antonio sopranoa, Itsaso Loinaz sopranoa, Eduardo Zubikoa tenorra eta Andoni Sarobe baritonoa ariko dira kantuan.
KONTZERTUAK
- Gala lirikoa. Opera eta zarzuela ariak. Eduardo Sola pianojelea, Leire de Antonio eta Itsaso Loinaz sopranoak, Eduardo Zubikoa tenorra eta Andoni Sarobe baritonoa. Gaur, 19:00, Latxartegi aretoa.
- Beriaingo Goizalde eta Legazpiko Santikutz abesbatzak. Azaroak 4, 20:00. Parrokia.
- Al-Sejo taldea, Castro Urdiales. Azaroak 11, 19:00. Latxartegi.
- Ixidro Larrañaga akordeoi orkestra. Azaroak 12, 12:30. Latxartegi.
- Sugaar Ensemble. Azaroak 19, 12:30ean, Latxartegi.
- Sokaire bikotea. Klasikoak sokairera. Azaroak 24, 20:00, Latxartegi.
- Santa Zezilia kontzertua. Santikutz abesbatza, Goiz Deia txistulariak, Alaitasuna errondaila, Legazpi Musika Banda. Azaroak 25, 19:00. Urbeltz pilotalekua.
- Aztarnetan ikuskizuna. Xegun Altolagirre, Edurne Zabalo, Gorka Hermosa, Blanchard String. eta Marta Zabaleta. Abenduak 3, 19:00, Latxartegi.
KALEJIRAK
- Doinua Musika Eskolaren Santa Zezilia kalejira eta eskolako banda txikia. Azaroak 22, 17:00.
egun osoko festa - Danboligenak 2023. Txistulari gazteen topaketa. Kalejira, tailerra, kontzertua, erromeria.
OPERA DVD-AN
- Rusalka opera. Azaroak 15 eta 22, Kultur Etxea.