Pintxo lehiaketa eta Buzkantza Eguna, asteburu honetan Zumarragan
Buzkantza eta odolkia izango dira protagonistak asteburu honetan Zumarragan. Ostiralean eta larunbatean buzkantzarekin edo odolkiarekin egindako pintxoen lehiaketa egingo dute eta igandean Buzkantza Eguna ospatuko dute.
Pintxo lehiaketari dagokionez, 23. edizioa izango da. Bost tabernek parte hartuko dute: Bidezar, Hirukia, Saski, Urzubi eta Ziabogak.
Ostiralean eta larunbatean aipatutako tabernetan lehiaketara aurkeztutako pintxoak eskainiko dizkiete bezeroei, 1,5 euroren truke. Ostiralean 19:00etatik 21:00etara eta larunbatean 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
Pintxoak dastatzen dituzten herritarren artean, bi pertsonentzako afaria zozkatuko dute. Parte hartze txartela ostalariek emango dute pintxoa erositakoan. Lehiaketako sari banaketa eta afariaren zozketa igandean egingo dituzte: 11:00etan udaletxean.
Ekitaldi hori Buzkantza Egunaren barruan egingo dute. Egun horretan, 11:00etatik 14:00etara, buzkantzak dastatzeko eta erosteko aukera egongo da Zumarragako Euskadi plazan. Gainera, artisauek beraien lanak erakutsiko dituzte.
Horretaz gain, urteroko moduan, herri kirol erakustaldia egingo dute. Pentatloi herrikoia, hain zuzen ere. Sei laguneko bi talde elkarren artean lehiatuko dira.
50 kiloko harria 20 aldiz altxatuko dute (talde bakoitzeko bi lagun arituko dira), giza proban 400 kiloko harriarekin bi plaza egingo dituzte, aizkorarekin hiru kanaerdiko ebakiko dituzte, 25 kiloko txingekin sei plaza egingo dituzte eta bukatzeko bi kilometro egingo dituzte korrikan.
Parte hartzaile gehienak herrikoak izango dira. Harriarekin lau lagun arituko dira eta horietako bi Olaia Esnaola harrijasotzaile azpeitiarra eta bere aita (Joseba Esnaola beizamarra) izango dira. Aizkorarekin Julen Aranberri zumarragarra eta Joseba Arakama zegamarra arituko dira.