Barrendiolako urtegiari buelta ematen dion bidea itxita egongo da gaur
Gaueko haizeteek zuhaitzak bota dituzte, eta bide gainera erori dira. Gipuzkoako Urak erakundeak itxi du bidea, garbiketa lanak egin ahal izateko.
Gipuzkoako Urak erakundeak Barrendiolako urtegiari buelta ematen dion bidea ixtea erabaki du, bart izan diren haize bolada indartsuek bota dituzten zuhaitzak bertatik kendu ahal izateko. Bidea egun osoan egongo da itxita, garbiketa lanak egiteko.
Ez da hori Legazpin haizeteen eraginez eroritako zuhaitzek itxi duten bide bakarra. Goizeko lehen orduan, Legazpitik Brinkolara doazen bi bideak ere itxita egon dira, baina errepideetan zeuden zuhaitzak kenduta, berehala ireki dituzte berriz ere.