Beasaingo erraldoi dantzari maitatuenak
Erraldoien II. Topaketa antolatu du larunbatean Ekaitz konpartsak. Beasaingo erraldoiek, Orereta, Gasteiz, Legazpi eta Txantreakoak izango dituzte lagun. Goiz eta arratsalde egingo dituzte irteerak eta dantzak.
Beasain erraldoien eta buruhandien herria dela ezin da ukatu. Herriko txikienek oso maiteak dituzte Basajaun, Mari, Mattin, Jone, Antonio La Casa, Mari Andrea erraldoiak eta ondoan bihurrikeriak egiten eta haurren atzetik korrika aritzen diren buruhandiak. «Gero eta maitatuagoak gara, maitasun hori irteera bakoitzean nabaritzen dugu», dio Jesus Garcia, Ekaitz erraldoi eta buruhandi konpartsako kideak. «Erraldoien booma dago Beasainen», gaineratu du beasaindarrak.
Beasaingo erraldoiak dantzari «finak» direlako izan daiteke arrakastaren arrazoietako bat. Duela 10 bat urte, taldean errelebo aldaketa egin zenean, hasi ziren erraldoiak dantzak ikasten. Garcia bera hasi zen bere kontura lehendabizi: «Txikitatik gustatu izan zaizkit erraldoiak, eta Youtube ikusten dantzan ikasi nuen pixka bat. Eta orain erraldoiekin dantzak irakasten aritzen naiz. Tolosan ere bai».
Denetariko dantzak egiten dituzte eta ikusgarria izaten da batez ere, erraldoi handiak itzulika dantzan hasten direnean.
Ekaitz Konpartsan 30 gazte inguru dabiltza. Denak ez dira beasaindarrak. «Nahiko genuke. Tolosakoak ere badaude. Helburua litzateke Beasaingo gazteak ere taldean apuntatzea. 15 urtetik gorakoak beharko lirateke, gorputza eginda daukatenak».
Udazkena, lanpetua
Udazkena lan handiko garaia izaten da Beasaingo Ekaitz erraldoi eta buruhandi konpartsarentzat, Udazken Kulturalaren barruan, irteera bat baino gehiago egiten dutelako ostiraletan. Odolki lehiaketaren eguna ere bete-betea izaten da Ekaitz konpartsarentzat, erraldoien topaketa antolatzen hasi baitziren iaz. Larunbatean, azaroaren 4an, II. Beasaingo Ekaitz erraldoien eta buruhandien konpartsaren eguna izango da, txikienen gozamenerako.
Orereta, Gasteiz, Txantrea eta Legazpikoen bisita
Egun osoko festa antolatu du Ekaitz konpartsak larunbatean Beasainen. Odolki lehiaketaren aitzakian, festa giroa jarriko dute erraldoiek eta buruhandiek ere. 09:30ean, esnadeia izango da Doinu zahar dultzainero taldearekin. 11:00etan eta 17:00etan, erraldoi konpartsen kalejira eta dantza saioak egingo dituzte Loinazko San Martin plazatik abiatuta. Beasaingo Basajaun-Mari, Mattin-Jon eta Antonio Lacasa-Maria Andrea erraldoien ondoan, Oreretatik, Gasteiztik, Legazpitik eta Txantreatik etorritako erraldoiak izango dira larunbatean goiz eta arratsalde Beasaingo kaleetan.Oreretatik Xanti eta Maialen, Gasteiztik Zeledon eta Edurne eta Aitona-Amona, Legazpitik Bruno eta Pakita eta txistulariak, eta Iruñeko Txantreatik Tartalo, Mari, Basajaun eta Sorgina etorriko dira Beasainera bisitan. Ikuskizuna ziurtatuta dago.