Beasaingo udazkeneko bertso saioa bihar izango da, iluntzera aurreratuta
Herriko hiru bertsolari igoko dira bihar, 19:00etan, Beasaingo Usurbe Antzokiko oholtzara Udazkeneko bertso saioan: Maddi Aiestaran, Iñaki Apalategi eta German Urteaga. Bertso lagun izango dituzte Maialen Lujanbio txapelduna, Joanes Illarregi Euskal Herriko bertso txapelketako finalista eta Oihana Iguaran.
Arrano Kulturak azaroaren 3an antolatutako urteroko udazkeneko bertso saioa ordutegi berriarekin dator; gauetik iluntzera, 19:00etara aurreratu baitute hasiera ordua. Usurbe Antzokiko oholtzara, herriko hiru bertsolari igoko dira: Maddi Aiestaran, Iñaki Apalategi eta German Urteaga. Bertso lagun izango dituzte Maialen Lujanbio txapelduna, Joanes Illarregi Euskal Herriko bertso txapelketako finalista eta Oihana Iguaran.
Sei bertsolariak, Maitane Legarreta beasaindar gai jartzailearen «aginduetara» ariko dira kantuan. Legarretak aurreratu duenez, bertso saioa «umoretik» joango da. «Jolasen bat ere izango da, pisuzko gairen batzuk eta esperimentu txikiren bat ere bai», gaineratu du.
Sarrerak salgai
Bertso saiorako sarrerak 6 euro balio du. Usurbe Antzokiaren webgunean edo leihatilan eros daitezke.