Legazpi loratzeko lanetan ari dira belaunaldi desberdinetako herritarrak
Belaunaldien arteko harremanak lantzeko, eskulan saioak ari dira egiten Gizarte Zentroan, Legazpiko hainbat gune apaintzeko plastikozko loreak egiten. Hilaren 10ean jarriko dituzte loreak kalean
Belaunaldi desberdinetako legazpiarren arteko harremanak lantzeko helburua duen Legazpi loratzen egitasmoak aurrera jarraitzen du, eta herriko hainbat puntu apaintzeko margarita mordoa egin dituzte dagoeneko Gizarte Zentroan. Han elkartzen dira urriaren erdialdetik, besteak beste, herriko ikastetxeetako ikasleak, Garaguneko erabiltzaileak eta Nagusilan, Iratzarri eta Buztintegi elkarteetako kideak, hainbat herritarrekin batera, eskulanak egiteko. Eguneko Zentroko erabiltzaileak ere ari dira lan horietan.
Bihar egingo dute eskulanen azken saioa, eta hilaren 10ean landatuko dituzte egindako lore guztiak.
Belaunaldiartekotasunaren garrantzia
Legazpi loratzen egitasmoa udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera martxan jarritako GizarteLab gizarte esperimentaziorako laborategiaren emaitzetako bat da. Legazpiko etorkiznari buruzko hausnarketa da herriko GizarteLab taldearen eginkizuna, eta horren barruan herritarren belaunaldiartekotasunari garrantzia handia eman diote.
Hori lantzeko, belaunaldien arteko topaketa gastronomikoa egin zuten iaz lehen aldiz, eta aurten bigarrenez. Orain plastikoaren birziklapena hartu dute gaitzat. Hala, Legazpiko kolektibo desberdinetako adin askotako jendearen artean, herria apaintzeko loreak egiten ari dira plastikozko botilekin Gizarte Zentroan, bertan eskulan ikastaroa eman duten Sara Ortiz de Jocanoren laguntzarekin. Zehazki, koloretako margaritak dira egiten ari direnak.
Landaketa, hilaren 10ean
Belaunaldi arteko eskulan saio hauetan egindako loreak landatuz emango diote amaiera Legazpi Loratzen egitasmoari. Horretarako, ekitaldi bat egingo dute hilaren 10ean. Herriko lau biribilguneetan, udaletxe ondoko lorategietan eta Gizarte Zentroko kanpoko loreontzietan landatuko dituzte margaritak.