Legazpiarrek 176 iradokizun egin dizkiote udalari 2024ko aurrekontuei begira
Eraiki dezagun Legazpi egitasmoa jarri du martxan udal gobernu taldeak herritarren kezkak eta proposamenak jasotzeko. Laster jarriko dute ikusgai egingo diren lanen zerrenda.
Hurrengo urteko aurrekontuetarako herritarren proposamenak biltzeko asmoarekin Legazpiko udal gobernu taldeak martxan jarritako Eraiki dezagun Legazpi egitasmoaren barruan, 176 iradokizun eta proposamen jaso ditu. «Herritarren beharrak, nahiak eta ideiak ezagutu eta 2024ko aurrekontuak zehaztean kontuan hartzeko asmoarekin», kalera atera dira gobernu taldeko kideak eta herriko sei gunetan egon dira urriaren 18tik eta 30era bitartean. Gainera, helbide elektronikoko bat ere jarri dute legazpiarren eskura. Horrela jaso dituzte 176 iradokizun horiek.
Orain, gaurtik abenduaren 10era, informazioa aztertu eta parte hartu duten guztiei erantzuna emango diete, banan bana. Ondoren, udalaren eskumenekoak ez diren eginkizunak alde batera utzita, beste proposamenen zerrenda argitaratuko dute, eta urtarrilaren 10etik aurrera lanen jarraipena egiteko aukera izango da www.legazpi.eus webgunean. Prozesuaren balorazioa ere egingo dute, hurrengo urtean martxan jarri edo ez ikusteko.
Gainera, parte hartu dutenen artean herriko dendetan gastatzeko 100 euroko bost bonu zozkatuko dituzte urtarrilaren 8an.