Legazpiko EAJk euskararen aldeko manifestazioa babesteko deia egin du
Epaitegiek azken aldian emandako epaiak "euskararen biziberritze prozesuaren inguruan eraikitako adostasun zabalaren kontrakoak" direla dio, eta horren aurrean ezin dela "isilik egon eta geldirik geratu" esan du.
Legazpiko EAJko Uri Buru Batzarrak ohar bat kaleratu du euskararen biziberritzearen kontrako azken epaiaren aurrean, eta horren inguruan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko eta “bereziki” larunbatean Bilbon egingo den manifestazioa “babesteko” deia egin die alderdikideei eta alderdi zaleei.
Azkenengo aldian auzitegiek emandako sententziak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzeko eman berri dituen epaiak “euskararen biziberritze prozesuaren inguruan eraikitako adostasun zabalaren kontrakoak” dira Legazpiko EAJ-PNV Uri Buru Batzarrak ohar horretan adierazi duenez. Auzitegi Nagusiaren epaiak “bete-betean eragiten die udalek azkenengo urteotan hainbat arlotan egin duten bideari: hizkuntza-plangintzari eta kontratazioari. Euskara lehenestearen aurka agertu da, gaztelania baztertzen delakoan”. Gainera, “herri euskaldunei eragiten die bereziki, euskarak indarrik handiena duen lurralde eremuei, baina gune hauetan behar du euskarak ezinbestez lege babesa”.
Hori dela eta, Konstituzio Auzitegiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaien aurrean, “Udal Legearen eta bere garapenerako dekretuen beharra” aldarrikatzen du. Izan ere, “euskararen normalizazio prozesuarekin aurrera egiteko nahia adierazten du euskal gizarteak, eta adostasun zabalarekin onartutako legeria du oinarritzat prozesu horrek. Legeria horren kontra egitea da, ostera, politikaren judizializazioaren seinale argia”.
EAJ-PNVk “udal eskumenen defentsa egiten” jarraituko duela ere adierazi du, eta “gizarteak euskararen biziberritze prozesuan aurrera egiteko adierazi duen nahia errespetatu eta adostasun zabalarekin onartutako legeria erabiltzen” ere bai.
Hori guztia kontuan hartuta, Legazpiko EAJ-PNV Uri Buru Batzarra ezin dela “isilik egon eta geldirik geratu” esan du, eta horregatik, egingo diren mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditu alderdikideak eta alderdi zaleak, eta “bereziki”, larunbatean Bilbon egingo den euskararen aldeko manifestazioa “babesteko deia” egin du.