«Bi gauza desberdin dira euskara edukitzea eta erabiltzea»
Ezustean iritsi zitzaion Malores Etxeberriari Hernaniko Udalean euskara teknikari gisa aritzeko proposamena, eta 32 urte igaro ditu han. Bilbon izango da bihar, eta euskararen aldeko lanean egunero.
Euskarak bizi du Malores Etxeberria (Zaldibia, 1957). Frankismo garai betean, etxean “oso zorrotz” zaindu zuten euskara, eta nortasunaren parte izan du ordutik. Beasainen, Donostian eta Tolosan bizitzaren bihurguneak emanda, Hernanin finkatu zen 1990ean; hango udalean euskara teknikari gisa aritu da lanean 32 urtez. Iaz hartu zuen erretiroa, baina ez dauka asmorik euskararen aldeko borrokatik erretiratzeko. Arduratuta dago azkenaldiko euskararen aurkako epaiekin.
Azaroaren 4a bihar. Bilboko manifestaziora joateko eguna?
Bai, zalantzarik gabe. Joateko eguna da, baina horrekin bakarrik ez dugu ezer egingo. Bilbokoa handi samarra izango dela uste dut, erasoak handiak, duela gutxikoak eta bata bestearen segidakoak izan direlako. Haserre eta kezkatuta gaude euskaltzaleak.
Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat dio leloak. Oldarraldi betean dago euskara?
Bai… XXI. mendean ez dakit espero genuen halako oldarraldi bat. Hasteko, ez gaude egoera onean. Nire ustez, ez dugu hainbeste egin aurrera, eta horrek kezkatzen nau. Oso egoera delikatuan jarraitzen du euskarak, eta kalte handia egiten diote halako oldarraldiek.
Zaldibia jaioterrian natural egingo zenuten zuek euskaraz…
Bai, erabat. Baina eskola erdaldunekoa naiz ni. 1957an jaio nintzen, eta frankismo garai betekoak dira gure eskola urteak, [Francisco] Francoren diktaduraren oldarraldi betekoak. 36ko gerra ere ez zen hain pasatu zaharra. Eskola nazionala zen gurea, eta erdaraz aritu beharra zegoen han. Baina etxean oso zorrotz aritzen ginen euskaraz, kontzienteki. Garai hartan, behin adin batetik aurrera, neska kuadrilletan asko hitz egiten zen erdaraz; gurean ere bai. Gerora bueltatu ginen euskaraz aritzera.
Ahizpa zaharragoa ondoan zenuela, nolako haurtzaroa izan zen zurea?
Ona. Oso gauza gutxirekin moldatzen ginen gu. Etxeak ere txikiak ziren, eta ez zegoen gaur egungo desberdintasunik; gehiago zeukatenak gutxiago ziren, eta gehiago edukitze hori ezkutatu-edo egiten zuten. Oso zoriontsuak ginen. Asko jolasten ginen. Kalea zen gure jolastokia, eta denbora libre asko izaten genuen. Kanikatan, brilean, korrika, bizikletan, errekan… Gaur egun iruditzen zait saturazio handia dagoela. Oso inguru euskalduna zen gurea, baina Espainiako jatorria zeukaten immigrante dezente zegoen ordurako Zaldibian. Immigrante haien seme-alabek nahiko natural ikasten zuten euskara, nahiz eta guraso haietako gehienak erdaldunak diren oraindik.
Oso ume zintzoa omen zinen zu; zintzoa eta bizia.
Herri txiki bateko umeak ginen gu, eta erraz konformatzen ginen. Desberdin hazten da herri handi batean edo txiki batean. Nolabaiteko sanotasun bat geneukan guk, ia-ia ez ginelako ateratzen gure ingurutik. Titereak etortzen ziren herrira; antzerkia, malabarak, pailazoak… Erdaraz izaten ziren. Aulki txikia hartuta joaten ginen 20:00-21:00 aldera, ilunbistan. Ez telebistarik, ez gailurik… Konformidadea daukan jendea ateratzen da hortik, gutxirekin bizi dena.
17-18 urte zenituela hil zen Franco, 1975ean. Gogoan al duzu egun hura?
Bai. Ordurako Donostiara joana nintzen ikastera; Historia eta Geografia ikasi nuen EUTGn, eta lehenengo urtean izan zen. Astebeterako itxi zuten eskola. Zain-zain egon ginen, egunero irratia entzunez; izugarri luzatu zen amaiera hura. Baina frankismoaren atzaparren kontua etxetik sentitu nuen nik dezente. Gure aita kartzelan egon zen, nik 15 urte nituela, lau urtez, ETArekin kolaboratzeagatik. Martutenen [Donostia], Zaragozan, Jaenen eta Palentzian [Espainia] egon zen, eta lau urte gogor izan ziren. Franco hil zenean, beraz, arnasa pixka bat hartu genuen. Aita hurrengo urtean atera zuten kartzelatik, 1976an. Ordurako ahizpa Donostiara joana zen Irakasle ikasketak egitera, han pasatzen zuen astea, eta amarekin egoten nintzen ni.
Zerekin topo egin zenuen Zaldibiatik Beasainera joanda?
Beasainen institutua zegoen orduan, baina oso euskaltzalea zen gure aita, eta Beasaingo ikastolaren sorreran lanean aritu zen, beste askorekin batera. Ahizpa eta biok Beasaingo lizeora joan ginen, euskaraz ikastera. Lauzpabost lagun joan ginen. Euskaraz ikas genezan nahi zuen gure aitak. Ordaindu beharrekoa zen lizeoa, baina oso argi zeuzkan gauzak. Oso urte ederrak izan ziren, oso irakasle bereziak eduki genituelako, euskaltzaleak; pedagogia aldetik ere berritzailea zen dena. Lizeoaren arazo ekonomikoak tarteko, institutuan egin nuen 6. batxilergoa eta UBI. Gogoan daukat Beasain ez zitzaigula gehiegi gustatzen, eta Donostia ere oso arrotza egin zitzaigula.
Elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean.