Moonshine Wagon taldearen kontzerturako sarrerak salgai daude
Azaroaren 17an izango da kontzertua, Legorretako Herri Antzokian, 19:30ean. Jubilatuenean edo online erosi daitezke sarrerak.
Satto kultur elkarteak antolatzen dituen Legorretako Herri Antzokiko kontzertuak hilabete honetan itzuliko dira. Moonshine Wagon taldearen emanaldia izango da denboraldiko lehena, azaroaren 17an, 19:30ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko. Jubilatuenean edo Wegow webgunean eskuratu daitezke, 10 euroan (gastuak gehitu gabe). Egunean bertan leihatilan ere egongo dira salgai, 13 euroan.
Heavy-bluegrass taldea da Moonshine Wagon. 2013an sortu zen, Gasteizen. Biolina, mandolina, banjoa, gitarra eta kontrabaxua tartekatzen dituzte taldekideek. Folk You!, Porca Miseria, Straight From The Mud eta Self Destruction diskoak kaleratu dituzte 10 urteko ibilbidean. Irailean Baserri Ta Rock jaialdian izan ziren, Ordizian.