Pentatloi herrikoi eta arrakastatsua
Pentatloi txapelketa herrikoia egin zuten atzo, Buzkantza Egunean. Talde beltzak (buzkantzak) eta zuriak (mondejuak) neurtu zituzten indarrak. Beltzak nagusitu ziren.
Atzo Buzkantza Eguna ospatu zen Zumarragan. Artisau azoka, buzkantza dastaketa eta pentatloi txapelketa herrikoia egin zituzten. Eguraldi bikaina lagun, ekitaldi guztiak arrakastatsuak izan ziren.
Buzkantza pintxoak, beti bezala, Urola eskubaloi taldeak saldu zituen. “75 kilo odolki prestatu genuen. Urtero dena saltzen dugu, baina aurten inoiz baino lehenago bukatu dira pintxoak”, aipatu du Urolako Iñigo Canterok.
Urretxu-Zumarraga herri kirol elkarteko Izaskun Arruti ere oso gustura ageri da. “Herri kirol proba batean Zumarragako plaza beteta ikustea oso pozgarria da. Saioak 30 minutu iraun zuen eta ikusleek osorik ikusi zuten”.
50 kiloko harria 20 aldiz altxatu zuten (talde bakoitzeko bi lagun aritu ziren), giza proban 400 kiloko harriarekin bi plaza egin zituzten, aizkorarekin hiru kanaerdiko ebaki zituzten, 25 kiloko txingekin sei plaza egin zituzten eta bukatzeko bi kilometro egin zituzten korrikan.
Bi taldek parte hartu zuten: zuriak (mondejuak) eta beltzak (buzkantzak). Buzkantzak nagusitu ziren. Talde beltzean Joseba eta Olaia Esnaola aita-alabek harria altxatu zuten, Joanes Izagirre giza proban aritu zen, Joseba Arakama zegamarra aizkorarekin aritu zen, Aimar Zubillagak txingak eraman zituen eta Ander Izagirrek korrika egin zuen.
Talde zuriari dagokionez, Aiert Zubillagak eta Aitor Lizarazuk harria altxatu zuten, Julen Sasieta giza proban aritu zen, Julen Aranberri aizkorarekin aritu zen, Markel Telleria txingekin aritu zen eta Kepa Telleriak korrika egin zuen. Arrutik gazteen prestutasuna txalotu du. “Eskerrak eman nahi dizkiet elkartearen izenean, beti laguntzeko prest baitaude”.