Palestinako sarraskia salatzeko bilkurak deitu dituzte herrietan
Herri bakoitzeko plazan eta udaletxe aurrean elkartuko dira herritarrak, bihar asteartea, azaroak 7, 19:00etan. Goizean, ikastetxeetan eta lantegietan biltzeko deialdia ere zabaldu dute.
Palestinako Gazako zerrendan Israel burutzen ari den sarraskia geraraztea eskatzeko, elkarretaratzeak deitu dituzte, biharko, Goierriren luze-zabalean. Gazako sarraskia gelditu! lelopean, hitzordu nagusiak bihar arratsaldeko zazpietarako jarrita daude, herri bakoitzean elkartzeko.
Palestinaren aferarako «konponbide politikoa orain» behar dela galdegingo dute protestetan, eta palestinarrei elkartasuna adieraziko zaie. Bonbardaketak hasi zituenetik, Israelgo armadak ia 10.000 palestinar hil ditu Gazan —horietako 4.000tik gora, haurrak—, eta beste 150 baino gehiago Zisjordanian. Zaurituak 30.000 inguru dira. Gaza barnean desplazatuak, berriz, milioi eta erdi bizilagun badira, gutxienez.
Gazako miliziek 1.400 israeldar inguru hil zituzten urriaren 7an Israelen egin zuten erasoan; 5.600 zauritu zituzten, eta 240 baino gehiago bahitu. Ordutik, 1.536 dira miliziek hildako israeldarrak.
Goizean, eskolan eta lanean
Biharkoa, Palestinaren aldeko mobilizazio eguna izendatu dute. Goizean ikastetxeetan eta lantegietan elkarretaratzeak egitera deitu dute.
Arratsaldean, 19:00etan, Goierriko herrietako plazetan edo udaletxe aurreetan bilduko dira herritarrak. Gaur arteko berrien arabera, Goierriko elkarretaratzeak Ataunen (San Martinen), Beasainen, Lazkaon, Legazpin, Ordizian, Ormaiztegin, Seguran, Urretxun, Zaldibian, Zegaman eta Zumarragan behintzat egingo dira.