Udaletan mozioak aurkezteko kanpaina hasi dute Goierriko pentsiodunek
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin bat egin dute goierritarrek, eta sinadurak biltzen hasi dira 1.080 euroko pentsioaren osagarria "sozialki eta modu zabalean bermatzeko".
Udaletan mozioak aurkezteko kanpaina hasi dute Goierriko Pentsiodunek, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin bat eginda. Kanpainaren helburua da udalek ere pentsioen inguruko “iritzia eman dezaten eta Urkulluren Gobernuari 1.080 euroko gutxieneko pentsioak osatzeko babesa edo eskaera helaraz diezaioten” lortzea. Udalekin batera, aldundietan eta Eudelen ere aurkeztu nahi dituzte mozioak. Horretarako sinadurak biltzen hasi dira, 1.080 euroko pentsioaren osagarria “sozialki eta modu zabalean bermatzeko”.
Gaur eman dute Goierriko Pentsiodunek mobilizazioen berri, Ordiziako Plaza Nagusian egindako elkarretaratzean, eta lehenengo sinadurak bildu dituzte. “Animatzen zaituztegu sinatzera eta zuen herriko taberna txoko edo Jubilatuen zentroetan sinadurak biltzeko kanpainak egitera edo orria jartzera”, adierazi dute. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak larunbaterako Iruñean deitu duen manifestaziora joateko deia ere zabaldu dute.
Iruñeakoaz gain, azaroaren 16an Gasteizen egingo da manifestazioa. Gasteizera joateko autobusa antolatu dute Goierritik. Kostua 10 eurokoa da. 8:30ean irtengo dira, eta 14:30ean itzuli. Azaroaren 13an Lazkaoko elkarretaratzean eman dezakete izena autobusean joan nahi dutenek.