'Evaren alabak' antzezlana, igandean, Legorretako plazan
Izen bereko antzerki taldearen lana da. Marta Garcia, Jeronimo Otegi, Nieves Peña eta Sonia Sanz aktoreak ariko dira.
Evaren Alabak antzerki taldeak Evaren alabak izeneko antzezlana egingo du igandean, azaroaren 12an, Legorretako plazan, 19:00etan. Taldearen azalpenaren arabera, antzezlan “gordina” da, “tamalez errealitatea ere hala delako”. Ikusleengan “harridura” sortu nahi dute, “indarkeria matxistaren biktimekiko errespetuz”.
Lau aktore ariko dira antzezten: Marta Garcia, Jeronimo Otegi, Nieves Peña eta Sonia Sanz. Hiru egoera islatuko dituzte, hiru belaunalditatik, eta askotan aipatzen ez diren gauzez hitz egingo dute. Antzezlan hori ez dute aretoetan antzeztu nahi “ikusleari nolabaiteko erosotasuna eta lasaitasuna ematen diolako” horrek. Horregatik izango da plazan.
2017an sortutako antzerki taldea da Evaren Alabak. Ikusleekin konplizitatea bilatzen dute, eta haien antzezlanak bizitzako gertaera gordinetan oinarritzen dira. “Gure lana tranparik gabea da, xumea bezain bizia eta zirraraz betea. Saio guztiak dira desberdinak eta bakarrak. Feminismoaz, berdintasunaz, egunerokoaz, tabuez, gezurrez…emakumeon bizitzaz ari gara. Errespetuz, ironiaz eta umorez”.