Lau ikus-entzunezko eta mendi ibilaldi bat Ormaiztegin
Ormaiztegiko 30. Mendi eta Abentura Astea azaroaren 14tik 19ra egingo dute, Goierriko hiru mendizaleren balentriak erakutsiz tartean.
Ormaiztegi Kirol Elkarteko mendi sailak iragarri du dagoeneko 30. Mendi eta Abentura Asteko programazioa. Azaroaren 14tik 19ra egingo dute. Lau ikus-entzunezko proiektatuko dituzte asteartetik ostiralera Gizarte etxean (19:00), laurak euskaraz. Tartean, Joseba Iztueta gabiriarrak, Joxe Ramon Agirre Marron ataundarrak eta Mikel Saez de Urabain ordiziarrak egindako espedizioak daude. Igandean, hilaren 19an, Espainola mendiko bira egingo dute goizean (09:00), eta arratsaldean, 18:30ean, Gaztaina jana eliz atarian.
ORMAIZTEGIKO 30. MENDI ETA ABENTURA ASTEA
- Azaroak 14, asteartea. Westfjords: Islandia ezezaguna bizikletaz. Igone Mariezkurrena
“Zirkulu polar artikotik 50 kilometro eskasera dagoen Westfjords eskualdea izkin ezezaguna da Islandian. Ring Road bide sonatua ez da bertara heltzen eta, beraz, ezta urtero herrialdera iristen diren milioika bisitariak ere. Tundrako klima izugarri aldakorra, haizetsua eta hotza da, eta gogo-gorputzarentzat benetako erronka da munduko bazter hau bizikletaz eta autosufizientzia eran esploratzea. Zenbaiten hitzetan, Europako azken bazter basatia da”.
- Azaroak 15, asteazkena. Zanskar, aztarna berrien bila. Joseba Iztueta
“Indiako Himalaian kokatzen da Zanskar bailara. Izena duten gailurretatik urrun dago, granitozko dorre eta mendi pikoez inguratua. Abentura eremua mendi eskaladarako. Bertan irekitako harkaitz bide berrien eta lehen aldiz zapaldutako gailurrez hitz egingo da ikus-entzunezko honetan”.
- Azaroak 16, osteguna. Karakorum oinez eta hegaz. Joxe Ramon Agirre Marron
“Ametsetatik nekez bizi daiteke, baina amets egin gabe are nekezago. Gizakiaren aspaldiko ametsa da hegan egitea, eta aspaldiko urteotan hegan egitea du amets Joxe Ramon Agirre Marron mendizaleak. Ibilbide horretan Mattin Iñiguez Ormazabal batu zaio amets berriekin, elkarrekin Baltoroko mendia; Trango dorreak , Broak peak eta K2 mendia alboan dutela ehgan egitera gonbidatzen gaituzte. Mendizaletasunetik eta ametsetatik haratago, «zentzu ludiko, poetiko eta erromantikoa» duen”.
- Azaroak 17, ostirala. Bhagirathi 3 hego mendebaldeko ertza. Mikel Saez de Urabain
“Bhagirati 3 ra egindako espedizioa, Indiako Himalaiako Garwald eremuan. 6454m dituen gailur tente honetan, hego mendebaldeko ertza eskalatzen bizitakoa kontatuko da, eskalada gogor eta tentea”.
- Azaroak 19, igandea. Mendi ibilaldia, 09:00etan plazatik abiatuta. Udaletxea-Arandia-Urbizu-Zelandieta-Espainola-Lierni-plaza. Gaztaina jatea, 18:30ean, plazan.