Etzi jaurtiko dute Aramako San Martin jaiei hasiera emateko txupinazoa
Jaiei hasiera emango dien txupinazoa ostiralean izango da, 20:00etan, baina gaur hasiko dira giroa berotzen, gaztaina koskatzearekin. Futbolin txapelketa txertatu dute egitarauan.
San Martin eguna heltzear dago, eta horrekin batera Arama San Martin n murgilduko da. Etzi botako dute jaiei hasiera emateko txupinazoa, 20:00etan, eta gaua eta bi egun izango dituzte aurretik aramarrek herriko festez gozatzeko. Festen aurretik egin ohi duten moduan, gaur, gaztain-koskatze herrikoia izango da haur-txokoan.
Giroa berotzen hasiko dira gaur herritarrak, eta biharko etenaren ondoren, ostiralean jarraituko du jai giroak. 17:30ean Zirkuola zirku saioa izango da. Arte eszenikoak euskaraz lantzen dituen lantegia da Zirkuola. Haur, nerabe zein helduentzako zirku formakuntza eta entrenamendu espazioak eskaintzen dituzte. Aramakoa zirko saio dinamikoa izango da. Izena eman duten herritarrek parte hartuko dute.
Ondoren izango da txupinazoa. Trikitilariekin gaztainak jan, eta gaua Eibarko eta Elgoibarko gazteez osatutako Mugi Panderoa erromeri taldeak alaituko du. Larunbata izango da egun handia, San Martin zaindariaren eguna. Meza nagusiarekin eta hamaiketakoarekin hasiko dira. Arratsaldean herri-kiroletan ariko dira izena eman duten herritarrek, frontoian, taldetan banatuta.
Kirolaren ostean, poteoa egingo dute musikaz lagunduta, eta iazko ekimen inprobisatu batekin jarraituko dute. Iazko festetan, egitarauan zehaztu gabeko futbolin txapelketa antolatu zuten modu espontaneoan, kanporaketa eta guzti. Momentu hori gogoan, aurten egitarauan txertatu dute. Gauean, Beasainen sortutako Muxutruk erromeria taldearen kontzertua izango da.
Azken eguna
Igandean amaituko dira sanmartinak. Puzgarriak egongo dira haurrentzat frontoian, eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan, eta txakolin dastaketa plazan eguerdi partean. Iluntzean patata tortilla lehiaketa egingo dute plazan. Jaiei amaiera emateko, suak izango dira 21:00etan.